Norvegiako sarraskia

Sarraskiaren zergatien bila

Eztabaida piztu da ustez Behring Breivikek egindako erasoen zergatiaren inguruan. Batzuen iritziz, buruko gaitz batek eraman du horretara; beste batzuek, ideia politikoek bultzatuta izan dela diote.

Maite Alustiza.
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Zantzu guztien arabera erotuta dago». Geir Lippestaden hitzak dira, Anders Behring Breiviken abokatuarenak. Norvegiako bi erasoen ustezko egilearen kasuak «buruko gaitzak dituen gaixo batena» dirudiela adierazi zuen atzo emandako prentsaurrekoan. «Burbuila baten barruan dago; ez da oraindik ohartu eragin dituen hildako kopuruaz, ezta Norvegiako gizartearengan sortu dituen sentimenduez ere». Bere defentsaren erradiografia ere egin du abokatuak, «oso hotza eta hiztuna» hitzekin definituz. Batzuk eritasunaz hitz egiten dute; besteek, berriz, ideia politikoek bultzatutako ekintza dela diote.

Sarraskiaren ondoren, Breivikek errealitateaz duen irudia «arraroa eta azaltzeko zaila» dela azpimarratu du abokatuak. Hala ere, buruko gaitzik ote duen baloratzeko oraindik goiz dela dio. Datozen egunetan egingo dizkioten frogen emaitzak jakin aurretik, ordea, Lippestadek eman du bere epaia: Breiviken osasun egoerak eraman du ekintza horiek burutzera. Hori da 21 urteko kartzela zigorra saihesteko abokatuak mahai gainean jarri duen argudioa.

Baditu aurrekariak Breiviken defentsak hartu duen bideak. Duela zortzi urte Suedian izandako eraso batek jomuga berdina izan zuen. «Bere asmoa ez zen inor hiltzea; urteak daramatza gaixo eta ez du eskatutako mediku laguntza jaso». Hala zioen Peter Althinek, Mijail Mijailovic ustezko erasotzailearen abokatuak, Anna Lindh Suediako Kanpo Harremanetarako ministroaren hilketa epaitzen zen saioan. Bizi osoko kartzela zigorrera kondenatu zuten Mijailovic, baina Suediako Auzitegi Gorenak erabakia baliogabetu zuen, kartzelan egoteko «gaixoegi» zegoela argudiatuz. Zentroan zegoela kide bati egindako hilketa saiakerak kartzelara eraman zuen berriro.

Epaitegietara ez ezik, gizartera ere heldu dira Breivik gaixo egon daitekeela dioten ahotsak. ENAR Arrazismoaren Aurkako Europako Sareak hala uste du, Shanon Pfohman politika arduradunak azaldu duenez. «Inork ez zuen espero euren herrialde berdinean zegoen norbaitek, Norvegiako nazionalitatea zuen norbaitek, bere herritarrei min egingo zienik». Norvegiako Gobernuaren ideologia Breivikena baino irekiagoa dela uste du, eta horregatik erasan zuela, «liberalismo gehiegi dagoelako». Gertaera lazgarri horiek gobernuaren arreta piztu dute, eta garrantzitsuak izango dira neurriak hartzen hasteko. Horrekin batera, eskuin muturreko ideologiak «gizarte osoarentzat arriskutsuak» izan daitezkeela ohartarazi du, Norvegian gertatukoak erakusten duen bezala. Horregatik, eskuin muturreko mugimendu fundamentalistaren aurka egiteko neurriak har ditzan eskatu dio erakundeak gobernuari.

Johan Galtung soziologoak ere eman du Breiviken eta haren ustezko erasoen inguruko iritzia. Galtungen ustetan, «errazena Breivik nerabezaro zail bat izan duen ero bat bezala ikustea da». Nola pentsatzen duen ulertzen saiatzea litzateke zuzena, ideiak Breivik bera baino garrantzitsuagoak baitira. «Ero bat bezala ikusten badugu, bere ekintzaren atzean dauden ideiak galtzen dira».Kristautasuna eta islamaren arteko gerra, eta kulturaniztasuna Europarentzat den arriskua dira ideia horietako batzuk. Norvegian gertatutakoa polizia sekretuaren indarrei egozten die, «eskuin begitik itsututa» daudela azalduz. Etorkizunari begira, Europak elkarrizketan, jakin-minean eta errespetuan aurrera egin behar duela dio. «Hurrengo pausua islamak eta kristautasunak elkarrengandik ikastea da».

Massimo Introvigne soziologo eta OSCE Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko ordezkariak ere arazo psikiatrikoak dituen norbait bezala definitu du Breivik. Ustezko erasotzaileak idatzitako testua aztertu du, eta haren ideologia gorrotoan oinarritzen dela dio: «Islamismoaren aurkako ideologiarekin obsesionatuta dago; historiaren kalte guztia hortik datorrela pentsatzen du». Eskuin muturreko ideologia du Breivikek, baina ez iraganeko eskuin muturrekoarena: «nazia ez den» ideologia baten aurrean gaudela adierazi du, immigrazioaren aurka eta Israelen alde dagoena. Dena den, haren ustez Breivikek egin duena ez zaie eskuin muturreko pentsamendua dutenguztiei egotzi behar, «gehiengoa ez baita indarkeriaren aldekoa».

Norvegiako gobernuak eta segurtasun indarrek izan duten jokabide ere aztertu du Introvignek. Bere ustetan, baliteke begi guztiak terrorismo islamiar ultrafundamentalistari begira jarri izana, eta muturreko terrorismoa ahaztuta uztea. «Herrialde batzuetan poliziak ez zekien mota horretako terrorismoa mehatxu bat izan zitekeenik». Norvegia da horren erakusle, eta hori da Introvigne gehien harritzen duena: «Terrorismoaren aurka zein neurri gutxi zeuden harritu ninduen; neurriak hobeto beharko lituzkete, lankidetzaren bitartez».

Gizateriaren aurka

21 urteko espetxe zigorra jaso dezake gehienez Breivikek, Norvegiako legediaren arabera. Dena den, Norvegiako Poliziak «gizateriaren aurkako krimenak» egotzi diezazkioke, kasua aztertzen ari den Christian Hatlofiskalak azaldu duenez. Aftenposten egunkarian egin zituen adierazpenok; hala ere, aukera bat besterik ez dela adierazi zuen. Gizateriaren aurkako krimenagatik kondenatzen badute, 30 urteko zigorra bete beharko luke Breivikek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.