Guatemala

Sarraskien lehen ordaina

Guatemalako Justiziak 6.000 urtetik gorako kartzela zigorra ezarri die lau soldadu ohiri, 1982an 201 indigena hiltzea egotzitaGerra zibilean 250.000 lagun inguru hil ziren, gehienak armadaren esku

mikel rodriguez
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Ebazpen historikoa eman du Guatemalako Auzitegi Gorenak, lehenbiziko aldiz armadako kideak zigortu baititu gerra zibilean (1960-1996) egindako sarraskiengatik —orain arte, jendea desagerrarazteagatik izan dira zigor bakarrak—. Hiru soldadu ohiri 6.060na urteko espetxe zigorra ezarri die, eta bertze bati 6.066koa, 1982an Las Dos Erres herrixkan 201 indigena hiltzea egotzita. Gizateriaren aurkako krimenak egitea leporatu die Guatemalako Justiziak. Gerrako sarraskiengatik orain arte egon diren epaietan PAC Autodefentsa Zibilerako Patruilak izeneko talde paramilitarreko kideak izan dira zigortutakoak, eta ez militarrak zuzenean. Dena den, PACek armadaren erranetara jardun zuen gerra zibilean. CEH Argitze Historikoaren Batzordeak 1999an aurkeztutako txostenaren arabera, gerran 250.000 lagun inguru hil ziren, eta bertze 50.000 inguru desagerrarazi zituzten. Krimenen %93 armadak egin zituen, CEHren arabera.

Zigorra jaso duten militarrak Manuel Pop, Reyes Collin eta Daniel Martinez inspektoreordeak eta Carlos Carias tenientea dira. Kaibil izeneko armadaren elite taldeko kideak ziren sarraskia gertatu zenean. Hilketa bakoitzarengatik 30na urteko espetxe zigorra paratu die Auzitegi Gorenak, eta bertze 30 urte gizateriaren aurkako krimenak egotzita. Carias tenienteari sei urte gehiago ezarri dizkio ebasketa larriagotua leporatuta. Hala ere, Guatemalako Zigor Kodearen arabera, soldaduek gehienez 50 urte igaroko dituzte espetxean.

Kaibilen krudelkeria

Las Dos Erreko sarraskia 1982ko abenduaren 7an gertatu zen. Epaiaren arabera, eguerdi aldera 40 kaibil ailegatu ziren herrixkara. Gizonezko heldu guztiak eskolan sartu zituzten, eta emakumeak eta haurrak, berriz, elizan. Lehenik eta behin mutikoak hil zituzten, burdinazko borrekin buruan kolpatuz. Ondoren, emakumeak eta neskak bortxatu zituzten hil aitzinetik. Gizonezkoak, berriz, torturatu ondotik hil zituzten, lepoa moztuta edo tiroka. Gorpuak ura biltzeko herritarrek egindako putzu batera bota zituzten. Arratsa iritsi zenerako sarraskia burutua zuten.

Ekintza haren krudeltasuna agerian utzi dute epaiketan bildutako testigantzek. Fiskaltzaren bi lekuko gisa deklaratu du Flavio Pinzon kaibil ohiak, Mexikotik—han dago erbesteratuta—. Haren arabera, Popek neska bat bortxatu zuen. «Handik hogei minutura lepoa moztu, eta putzura bota zuen». Epaian bildu dutenez, putzuan bildutako gorpuei tiroak eta esku granadak jaurti zizkieten militarrek, inor bizirik atera ez zedin ziurtatzeko. Soilik haur batzuek bizirik iraun zuten. Epaimahaiak ere frogatzat onartu du Rodolfo Robles Peruko jeneralak egindako txostena. Sarraskia armadako aginte gorenak agindu eta prestatu zuela dio Roblesek. Epaimahaiaren arabera, armadak eraso hori prestatu zuen bi hilabete lehenago gerrillariek egindako segada bati erantzuteko.

Las Dos Erresko sarraskia Guatemalako gerra zibileko basatienetakoa da, eta gatazkaren arorik gogorrenean egin zuten. Amerikako gatazkarik luzeenetakoa izan zen Guatemalakoa, 36 urte iraun baitzuen. Gerraren hazia 1954ko estatu kolpeak paratu zuen. Jacobo Arbenz zen orduan presidente. Militarra zen, eta 1944ko estatu kolpean parte hartu zuen. Konstituzio aurrerakoi bat ezarri zuten, eta 1950ean hauteskundeak irabazi zituen Arbenzek. Eskuineko oposizioak, ordea, komunistatzat zuen, eta CIA AEBetako zerbitzu sekretuen laguntzarekin agintetik kendu zuten. Gerra Hotzaren garaia zen.

1960an, baina, militar gazte talde bat estatu kolpe iraultzaile bat ematen saiatu zen erregimen kontserbadorearen aurka, baina huts egin zuen. Buruzagiak Kuban erbesteratu ziren, eta handik prestatu zuten gerrillen erresistentzia. Hura izan zen gerra zibilaren hasiera.

1960tik 1990eko hamarkadara bitarte gobernu militarren, gerra zibilen eta iraultzen aroa izan zen Guatemalan ez ezik, Hondurasen, El Salvadorren eta Nikaraguan ere. Biktima kopururik handiena Guatemalan egon zen, baina, eta horren arrazoi nagusia armadaren errepresioaren neurri gabeko proportziorik eza da. 1966an, adibidez, armadak 10.000 lagun inguru hil zituen, eta gerrillariak, orduan, soilik 100 inguru zirela estimatu da.

Kanpaina haren ondorioz gerrilla mugimendua landa gunetan sakabanatu zen, eta indar gehienak Guatemala hiriburuan finkatu zituzten. 1968an, AEBetako enbaxadore John Gordon Mein hil zuten han. Izan ere, AEBek, Erdialdeko Amerikako gainerako gatazketan bezala, Guatemalako mugimendu iraultzailearen aurka parte aktiboa hartu zuten, armada finantzatuz eta trebatuz, batez ere. 1954ko kolpea prestatzeko, gainera, United Fruit Company transnazionalak CIA presionatu zuen, Arbenzen gobernuak egin nahi zuen nekazaritza erreformak bere jabetzak arriskuan paratuko zituelakoan.

Indigenen aurkako genozidioa

1960tik Guatemalan 669 sarraski egin direla bildu zuen CEHk 1999ko txostenean. Horietako %93 armadak egin zituela dio CEHk, %4k ez dutela egile argirik, eta %3 lau talde gerrillariri egozten die. Garairik latzena 1981-1983 izan zen, Lucas Garcia eta Efrain Rios Montt jeneralen agintaldietan. Soilik bi urteren buruan 75.000 lagun inguru hil ziren, eta milioi bat nekazarik alde egin zuten oihanera edo Mexikora. Indigenen 400 herrixka baino gehiago desagerrarazi zituzten militarrek. Hain zuzen, Guatemalako armadari egotzi zioten genozidioa egitea, sarraskietan hildakoen %83 maia herriko kideak baitziren, CEHren arabera. Indigenen aurkako eginahalean Rios Montt jeneral fundamentalista protestantea nabarmendu zen. Indigenen «integrazioa» lortzeko «fusilen eta frijolen» politika aldarrikatu zuen; hau da, hilketak eta erreforma ekonomikoak uztartzea. Sexu indarkeria ere gerra armatzat erabili zuen armadak, eta soldaduek 100.000 emakume inguru bortxatu zituzten. Gatazka 1996an amaitu zen, gobernuak eta gerrillek bake akordioa sinatu zutenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.