Sinatu du Recep Tayyip Erdogan presidenteak Turkiako diputatuei immunitatea kentzea ahalbidetzen duen legea. Eztabaida eragin du neurriak; izan ere, ikerketapean dauden diputatuei soilik eragiten badie ere, ikerketa horietako asko HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa alderdi kurdukoak dira. Zehazki, Turkiako Legebiltzarrean dituzten 59 diputatuetatik 50 daude ikerketapean, eta gehienak PKKrekin harremanak dituztelakoan.
Hala, ezkerreko alderdi kurduak egotzi dio gobernuburuari haien aurkako "estatu kolpea" eman nahi izatea. Erdoganek berak behin baino gehiagotan leporatu izan dio HDPri PKKren "adar politikoa" izatea.
HDPk emaitza historikoak lortu zituen orain urtebete egindako Turkiako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Horrek, baina, ez zion lagundu Kurdistango bake prozesuari. Izan ere, Turkiako Gobernuak, Erdogan buru zuela, errepresio kanpaina gogorra hasi zuen Ipar Kurdistanen.