Gaur sartu dute espetxean Julia Timoxenko Ukrainako lehen ministro ohi eta oposizioko egungo burua, botere gehiegikeria delitua egotzita Kiev-ko barruti Pechorako auzitegiak urrian jarritako zazpi urteko kartzela zigorra betetzeko. Duela astebete hango Apelazio Batzordeak atzera bota zuen Timoxenkoren helegitea.
Epaiaren arabera, 2009an Errusiarekin gas akordioak egiteko agindua eman zuen hark. Itun haien ondorioz, Naftogaz Ukrainako enpresak 188 milioi dolar galdu zituen. Boris Kolesnikov Industria ministroak esan izan du galera harengatik Ukrainak orain Errusiako gas naturalaren mila metro kubiko bakoitzeko Alemaniak eta Europako beste herrialde batzuek baino berrehun dolar gehiago ordaintzen dituela.
"Honek ez du nire bizitza eta borroka aldatuko", esan zuen lehen ministro izandakoak urrian. Victor Janukovitx Ukrainako presidenteak antolatutako jazarpena pairatzen ari dela uste du.
Kartzela zigorraz gain, postu publikoetarako hiru urterako kargubetzea ere ezarri zioten Timoxenkori, eta estatuari kalteordain gisa berrehun milioi dolar eman beharko dizkio.
Zigorrak protestak eragin ditu Ukrainan.