Saudi Arabiak eta aliatuek huthien aurkako erasoa hasi dute Yemenen

Eskala handiko operazio bat antolatu dute, ehundik goiti hegazkinekin eta hainbat gerraontzirekin.Iranek «berehala» gelditzeko eskatu die

Miliziano huthi bat Saudi Arabiako hegazkinek Sanan bonbardatutako eremu batean, atzo. YAHYA ARHAB / EFE.
mikel rodriguez
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
«Gure herrialdeek erabaki dute Abd Rabu Mansur Hadi Yemengo presidentearen eskaerari erantzun eta Yemen eta bertako herria huthien milizien erasotik babestea. Huthiak atzerriko indar baten tresna bat izan dira, eta dira oraindik». Halaxe adierazi dute Persiako golkoko bortz monarkiak Saudi Arabiako SPA agentzia ofizialean argitaratu duten mezu batean. Ez dute gehiago itxaron, eta, Saudi Arabia buruan, bederatzi herrialdek osatutako koalizio batek Yemengo matxino xiiten aurkako erasoa hasi du. Abdul-Malik al-Huthi matxinoen buruzagiak jihaderako —gerra santurako— deia egin du, eta nazioarteko koalizioari erran dio «garesti ordainduko» duela «egindako ergelkeria». Argitu da, berriz, Hadi presidentea non dagoen. Riaden agertu zen atzo, Egiptora bidean Arabiar Ligaren bilkuran parte hartzeko.

Konponbiderako Ekaitza Operazioa deitu diote erasoari. Yemengo Atzerri ministroak iragan astelehenean jakinarazi zuen atzerriko esku hartze militar bat eskatu zutela, huthiak hegoaldeko Aden hirira hurbiltzen ari zirelako —urtarriletik, han babestuta zegoen Hadi presidentea—. Egun gutxira, prest ez ezik, hasita dago eskala handiko eraso bat. Izan ere, mobilizatutako baliabide militarrak ez dira nolanahikoak: Saudi Arabiak 100 hegazkin eta gerraontziak mobilizatu ditu, eta 150.000 soldadu prest ditu borrokarako; Egiptok ere aire erasoetan parte hartu du, eta lau gerraontzi bidali ditu; Arabiar Emirerri Batuek, 30 hegazkin; Bahrainek eta Kuwaitek, 15na, eta Pakistanek ere hegazkinak eta gerraontzi bat. Jordania, Qatar, Maroko eta Sudan dira erasoan parte hartzen ari diren gainerako herrialdeak.

Saudi Arabiaren lidergoa agerikoa da. Bozeramaile batek Reuters agentziari erran dio «oraingoz» ez dutela lurreko inbasiorik eginen, baina horretarako «prest» daudela ohartarazi du. Huthien mugimendua bukatzeko helburua hartu du koalizioak, eta, horietako bortz herrialdek SPAn argitaratutako oharrean, Saudi Arabiak azken urteotan Yemenen izan duen jarrera babestu dute; hau da, huthiak «nazioarteko bakearentzat eta segurtasunarentzat mehatxu» direla erran dute, matxino xiiten gibelean «eremuko indar bat» dagoela —aipatu ez badute ere, Iran uler liteke—, «Yemenen bere hegemonia ezartzeko eta eremu osoan bere eragina handitzeko helburuz».

Bonbardaketen lehenbiziko egunean, koalizioak gutxienez hamahiru zibil hil ditu Sanan, Bani Heuat auzoan etxebizitza batzuk jota, berri agentziek jakinarazi dutenez. Al-Arabiya katearen arabera, matxino xiiten buruzagietako hiru hil dituzte erasoetan. Saudi Arabiak ohar batean jakinarazi du gehienbat huthien aireko baliabideak izan dituztela helburu, eta, horregatik, aireportuak bonbardatu dituzte Sanan, Ta'izzen eta iparraldeko Saada probintzian.

AEBak, Riadekin «ulerkor»

Mohammad Javad Zarif Irango Atzerriministroak Saudi Arabiari eskatu dio erasoa «berehala» gelditzeko. AEBetako Estatu Departamentuak, berriz, adierazi du «ulertzen» duela Riadek zergatik esku hartu duen, eta huthien aurka laguntza logistikoa eta informazioa emateko prest agertu da. Turkiak ere erasoa babestu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.