Adierazpen askatasuna

Saudi Arabiak onartu du Khaxoggi kazetaria Istanbulgo konsuletxean hil zela

Herrialdeko fiskaltzak adierazi du "eraikinean zeuden pertsona batzuekin borrokatu ostean" hil zela, xehetasun gehiagorik eman gabe. Hemezortzi pertsona atxilotu dituzte, hilketarekin zerikusia dutelakoan. Trumpentzat, azalpenak "sinesgarriak" dira.

Turkiako Polizia Saudi Arabiaren Istanbulgo konsuletxean izan zen, froga bila. EFE
ander perez zala
2018ko urriaren 20a
07:30
Entzun

Fiskaltzak zabalduriko oharraren arabera, ikerketa "oraindik ez da amaitu", baina iradoki du ikerketaren emaitzak ez direla aldatuko. Bien bitartean, Turkia beste ikerketa batean dago murgilduta, eta "ondorio independenteen" berri emango du datozen egunotan, boterean dagoen AKP alderdiaren eledun Omer Çelikek jakinarazi duenez.

Turkiako eta Ekialde Hurbileko hedabide batzuen arabera, kazetaria konsuletxean laurdenkatu zuten, eta hilketan parte hartu zuten Saudi Arabiako hamabost bat herritarrek; Ankarak horien estradizioa eskatuko du. Nazioarteko lider gorenek eta erakundeek ez dute "sinesgarritzat" jo Riaden bertsioa; bai, ordea, AEBetako presidente Donald Trumpek.

Hain justu, iragan asteazkenean adierazi zuen AEBetako presidenteak aste honen bukaeran jakingo zela hilketari buruzko "egia", eta gaineratu zuen ez duela Saudi Arabiarekin harremana eten nahi; erabaki horretan, hala ere, zerikusia izango du AEBetako Kongresuak, presidenteak berak jakinarazi duenez.

AEBetan erbesteratuta bizi zen Khaxoggi kazetari saudiarabiarrak bi aste zeramatzan desagerturik, joan den urriaren 2an Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsuletxera sartu zenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.