Saudi Arabia

Saudi Arabiako Estatu idazkari ohiak bera hiltzen saiatzea egotzi dio printze oinordekoari

Washingtonen aurkeztu duen salaketaren arabera, «heriotza eskuadroi bat» bidali zuten haren aurka, Jamal Khaxoggi hil eta bi astera.

Mohammed bin Salman, Saudi Arabiako printze oinordekoa. ANDY RAIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 7a
11:30
Entzun

AEBetako hiriburuan aurkeztu du salaketa Saad al-Jabrik, Saudi Arabiako Estatu idazkari eta Informazio zerbitzuetako buru izandakoak, eta karguak ez dira nolanahikoak. Bera hiltzen saiatu izana egozten dio Saudi Arabiako printze oinordekoari, Mohammed bin Salmani.

Idatziaren arabera, Jamal Khaxoggi kazetaria hil eta 13 egunera izan zen saiakera: printze oinordekoak «heriotza eskuadroi bat» bidali zuen Torontora. «Mertzenario taldea aditua zen aztarna guztiak desagerrarazten, eta horretarako beharrezko tresneria guztiarekin heldu ziren Kanadara. Bi taldetan banatu ziren herrialdean sartu ahal izateko, baina, zorionez, mugako segurtasun indarren susmoak piztu zituzten, eta ez zieten utzi sartzen», dio salaketak.

Testuan jasotakoaren arabera, 2018ko urrian izan zen hilketa saioa, Khaxoggi Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan desagerrarazi eta bi astera. «Bin Salmani buruzko informazio kaltegarri eta mingarria du Al-Jabrik bere oroimenean, eta baita bere segurtasuna bermatu asmoz egindako grabazioetan ere; horregatik ahalegindu dira bera hiltzen azken hiru urteotan», irakur daiteke salaketan.

2018ko urriaren 2an, Khaxoggi Saudi Arabiaren Istanbulgo (Turkia) kontsuletxean sartu zen, eta ez zen inoiz handik atera. Eraikinean sartu eta hemezortzi egunera, Riadek aitortu zuen kazetaria kontsuletxean hil zela. Orain, fiskaltzak bizi guztiko kartzela zigorrak eskatu ditu auzipetu guztientzat. Akusatuen artean daude informazio zerbitzuetako zuzendariorde Ahmed al-Asiri eta printze oinordekoaren aholkulari ohi Saud al-Qahtani. Uztailean hasi zuten haien aurkako epaiketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.