Saudi Arabiako monarkiaren errepresio politika agerian jarri du Khaxoggiren hilketak

Turkia gaur da iragartzekoa hilketaren harira egindako ikerketaren xehetasunak. Riadek onartu du «oker larria» izan zela, heriotza ezkutatzen saiatu bazen ere

Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsuletxeko ataria, iragan urriaren 10ean. Khaxoggi irailaren 2an hil zuten. SEDAT SUNA / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Saudi Arabiako monarkiaren errepresio politika aspaldiko kontua da, baina heriotza guztiak ez dira berdinak nazioartearen begietan. Jamal Khaxoggiren hilketa beste milaka hilketa baino zeresan handiagoa ematen ari da, munduan zurrunbilo diplomatiko bat eragiteraino. Mohammed bin Salman printzearen irudia da kaltetuena. Antza, haren gertukoak dira kazetariaren heriotzaren erantzule. Bin Salman duela 11 hilabete bihurtu zen estatuko agintari nagusia, eta, nazioartean buruzagi erreformistaren eta modernoaren plantak egin baditu ere, etxe barruan errepresiorik zorrotzena ezarri du, ahots disidenteak isilarazteko hil egin behar bada ere.

Saudi Arabia monarkia absolutu bat da, eta xaria islamikoa da legearen oinarria. Salman bin Abdelaziz 2015eko urtarrilean iritsi zen tronura, haren anaia hil ostean, eta iazko ekainean izendatu zuen haren semea printze erregegaia —Defentsa ministro izan zen aurretik—. Bin Salmanek hainbat neurri iragarri zituen herrialdearen izaera hertsia eta kontserbadorea leuntzeko, baina emakumeak gidatzeko zuten debekua kentzea, ekonomia eraldatzeko neurria hartzea eta ustelkeriaren aurkako politikak ezartzea ez dira aski izan haren jarrera autoritarioa ezkutatzeko. Alderdi politikorik ez dagoen herrialde horretan oposizio xiita erabat jazarrita dago, eta, printzearekin, areagotu egin da disidentziaren kontrako errepresioa.

Al-Saud dinastia klan itxi eta gotortua da, eta azken oinordekoek ere tradizioari eusten diote, wahabismoa ideologiatzat hartuta. Koranaren interpretazio propioa egiten duen islam sunitaren muturreko joera horrek bizitzako arlo guztiak arautzen ditu. Eta gero eta ohikoagoak dira atxiloketak, baita arras errespetatuak diren pertsonenak eta errege etxearen gertukoak direnenak ere.

Filtrazioak

Khaxoggi bera da horren erakusle. Saud familiako monarkiarekin oso harreman estua izan zuen kazetariak, ezen errege etxeko enbaxadore baten prentsa aholkulari izan zen, baina iazko irailean alde egin zuen jaioterritik. Washington Post-eko zutabean iragarri zuen printzea ezartzen ari zen «izu eta larderia girotik» ihesi zebilela.

Gaur-gaurkoz, oraindik ez da argitu zer gertatu zen irailaren 2 hartan. Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsuletxean sartu zen kazetaria, ezkondu ahal izateko tramite batzuk egitera, eta haren emaztegaiari ohartarazi zion ez bazen ordu batzuen buruan ateratzen Poliziari deitzeko.

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea gaur da ikerketaren inguruko xehetasunak ematekoa. Erdoganek etxe barruan praktikatzen ez duen justizia egin nahi du. Hedabideak, baina, ari dira ikerketaren ondorioak zabaltzen. The New York Times-en arabera, kazetaria zazpi minutuz torturatu zuten, eta, ondoren, laurdenkatu. Salah al-Tubaigy Saudi Arabiako Patologiako Auzitegi Medikoko presidenteak zuzendu zuen beste hamalau lagunez osatutako taldea. Turkiako Gobernuak, antza, audioak ditu. Yeni Safak Turkiako egunkariak zabaldu duenez, kontsulatuan sartu zen saudiarabiarretako bat lautan saiatu zen sakelakoaren bidez printzearen kabineteburuarekin hitz egiten.

Bertsio ezberdinak

Riadek gertatutakoaren inguruko hainbat bertsio eman ditu orain arte. Hasieran, adierazi zuen kazetaria bere kabuz atera zela, baina, antza, kazetariaren arroparekin jantzitako pertsona bat zen eraikinetik atera zena. CNN kateak zabaldu dituen irudietan ikusten da nola kontsuletxetik ateratzen dena ez den Khaxoggi.

Riadek kazetaria hil eta hemezortzi egunera, iragan larunbatean onartu zuen kontsuletxean hil zela, hasieran ukatu egin bazuen ere. Nazioarteko presioa tarteko, baina, fiskaltzak onartu egin zuen «eraikinean zeuden pertsona batzuekin borrokatu ostean» hil zela. Adel al-Jubeir Atzerri ministroak adierazi du hilketa «oker larria» izan zela, eta «erantzuleak» zigortuak izango direla iragarri. Berez hemezortzi pertsona atxilotu dituzte, hilketarekin zerikusia dutelakoan. Istanbulera hamabost agente iritsi ziren irailaren 2an bertan; AEBetan erbesteratuta bizi zen kazetari saudiarabiarra desagertu zen egun berean.

Riaden jarrerak ez du nazioartean harrera ona izan. Hainbat agintarik ez dituzte azalpenak «sinesgarritzat» jo, eta horrek harreman diplomatikoetan izan du eragina. Angela Merkelek iragarri du Saudi Arabiari armak saltzeari utziko diola. Peter Altmaier Alemaniako Ekonomia ministroak armen esportazioa etetera deitu ditu beste estatu kideak, argudiatuz bakar baten erabakia ez dela eraginkorra «besteek zuloa betetzen badute».

Alemaniak 416.423.547 euroren arma salmentak egin dizkio Riadi. Saudi Arabia munduko arma inportatzailerik handienen artean dago; iaz 60.252 milioi euro bideratu zituen defentsara, barne produktu gordinaren %10. AEBetatik (%61), Erresuma Batutik (%23), Frantziatik (%3,6) eta Espainiatik (%2,4) inportatzen dituarmak bereziki. Donald Trumpek, berriz, ez du oraingoz petrolio esportatzaile nagusiarekin harremana eten nahi, «herrialde oso aberatsa» delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.