ALEMANIA

Schulzek uko egin dio Merkelen Atzerri ministro izateari

Sozialdemokraten buruak ministro kargua hartuko zuenaren albisteak haserrea eragin du SPD alderdiaren baitan. Alderdi barruan sortu den eztabaida baretu nahi du erabakiarekin.

Martin Schulz SPD alderdi sozialdemokratako burua, joan den asteazkenean, Merkelen gobernuko ministro izateko asmoaren berri eman zuen prentsaurrekoan. ALEXANDER BECHER, EFE
2018ko otsailaren 9a
21:25
Entzun

Martin Schulz SPD alderdi sozialdemokrataren buruak uko egin dio Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren Atzerri ministro izateari. Alderdi barruko presioen ondorioz hartu du erabakia, ohar batean azaldu duenez. Schulzek argudiatu du bere izendapenaren harira alderdian piztu den eztabaidak arriskuan jartzen duela CDU alderdi kontserbadorearekin koalizio gobernua osatzeko proposamenaren onarpena. SPDren militanteek onartu behar dute proposamen hori, koalizio gobernua osatu ahal izateko.

"Gobernu alemaniarrean sartzeari uko egiten diot eta bihotzez espero dut honekin SPD barruko eztabaida amaitzea", adierazi du. Defendatu duenez, ez dira "norbanakoen anbizioak" alderdi interesen gainetik jarri behar.

Schulzek hitza emana zuen, iraileko hauteskundeen ostean, ez zuela Merkelen gobernuan parte hartuko. Joan den asteazkenean, baina, SPDren presidentzia utziko duela iragarri eta, koalizio gobernua osatzen bada, Alemaniako Atzerri ministro izango dela aurreratu zuen.

SPDko buruaren izendapenak, gainera, Sigmar Gabriel alderdikidea kaltetu behar zuen, hura baita oraindik ere Atzerri ministro. Gabriel politikari estimatuenetarikoa da Alemanian, SPDko buru izandakoa eta Schulzen lagun ere jotzen dute askok. Gabriel bera atsekabetuta agertu da publikoki, Schulzek ministro kargua hartzeko adierazi duen asmoa dela eta.

SPDrentzat arazo bihurtu da Schulzen inguruko eztabaida, zaildu egin baitu CDUrekin lortu duen koalizio akordioaren balioaz militantanteak konbentzitzea eta militanteek hari onespena ematea. Akordioaren kontrakoek koalizioari ezezkoa ematera animatu dituzte militanteak, Schulzi eman zuen hitza betearaztera behartzeko. SPDko gazteek militante berriak lortzeko kanpaina ere egin dute, koalizio proposamenaren kontrako boto gehiago biltze aldera.

Schulzen erabakiaren ostean, hark SPDko gidaritzan ordezko izendatu duen Andrea Nahlesek defendatu beharko du Merkelekin koalizioa osatzeko aukera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.