Jada 30 dira sutean hildakoak, Scotland Yarden arabera. Hala ere, hainbat hedabidek zabaldu dute 76 lagun "desagertuta" daudela oraindik, eta, beraz, gora egin lezake hildako kopuruak.
Londresko Poliziaren bozeramaile Stuart Cundyk berak aitortu du espero dutela hildako kopurua haztea. "Tamalez", ez dute espero inor bizirik topatzea dorre barruan. Azaldu duenez, 24 lagun daude erietxean, eta horietatik hamabi, egoera kritikoan.
500 bat lagun bizi ziren eraikinean. Ezbeharraz geroztik, zalantzan jartzen ari dira eraikinaren segurtasun neurriak. Cundyk esan duenez, "ezerk ez du pentsarazten sua nahita piztu zenik". Hainbat adituren ustez, sua hain azkar barreiatu izanaren arrazoia izan daiteke eraikinari 2015ean ezarritako estalkia, polietilenozkoa baitzen.
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa zaurituetako batzuei bisitan joan zaie erietxera, eta agindu du "sakon" aztertuko dutela gertatutakoa.