Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadren burua, Jordi Sanchez ANCko presidentea, Jordi Cuixart Omniumekoa eta mossoen beste goi kargudun bat ikertuko ditu sedizioa egitea egotzita. Hirurak Madrilera deitu ditu deklaratzera, irailaren 20an Guardia Zibilak Generalitatearen kontrako polizia operazioa egin zuenean egindako mobilizazioengatik. Ostiralean joan beharko dute auzitegira.
Zehazki, Ekonomia Kontseilaritzaren inguruan egin zen mobilizazio jendetsuagatik deitu ditu deklaratzera. Teresa Laplana mossoen intendenteak ez zuen guardia zibilak babesteko neurririk hartu, haiek egindako txostenaren arabera. Txostenean diotenez, 24 aldiz eksatu zieten laguntza mossoei. Kanpoan zeuden ibilgailuak ez babesteko egozten die, besteak beste. Haietako batera igo ziren Sanchez eta Cuixart gauean, han bildutakoei hitz egitera. Guardia Zibilak egindako txostenak dio bi horiek jendea mobilizatzeko gaitasun handia erakutsi dutela, baina gaitasun hori ez zutela baliatu jendea lasaitu zedin. Guardia Zibilaren txostena hartu du oinarritzat epaileak, lau horien kontra egiteko.
Fiskaltzak jarri zuen salaketa Espainiako Auzitegi Nazionalean sedizioagatik, eta, akusazio zuzenik egin ez bazuen ere, Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea eta Jordi Cuixart Omnium Culturalekoa aipatu zituen mobilizazioaren sustatzaile gisara. Orain, epaileak Trapero ere zerrendan jarri du.
Agindutakoa zorrotz bete duela deklaratuko du Traperok. Hala jakinarazi dute mossoek beren Twitter kontuan.
Irailaren 20an Guardia Zibila Ekonomia Kontseilaritza arakatzen ari zenean, kanpoan izan ziren mobilizazio jendetsuetan mossoek ez zutela behar bezala jokatu iritzita. Sedizioa egitea egozten die Traperori eta Teresa Laplana mossoen intendenteari.
Sanchezek jakinarazi du ez dakiela ostiralean Madrilen izango den edo ez, pentsatzen ari dela.
Catalunya Radion esan duenez, erregeak mezua irakurri eta bi ordu ingurura jaso zuen deklaratzera joateko agindua. "Badirudi erregeak atea ireki ziola errepresioari, 'dena bale'-ari, borra golpeei, eta indarkeriaren erabilera funtsik gabekoari, autogobernua eteteko lurra prestatzeari eta presidentea atxilotzeari".
Cuixartek mobilizazio iraunkorrerako deia
Cuixartek ukatu egin du sedizio delitu bat egin duenik, eta azpimarratu du, bere elkarteak "mobilizazio iraunkor eta baketsuarekin" jarraitzeko askoa duela. Beti izan da beren asmoa hori, eta beraz, ez zuela "indarkeriara" dei egin azpimarratu du.
Epailearen salaketak ez du zentzurik, bere ustez. Gogora ekarri du beraiek esan ziotela jendeari, gauerdian, mobilizazioa utzi eta etxera joateko, eta jendeak halaxe egin zuela. Gainera, Guardia Zibilek alde egin ahal izateko, segurtasun kordoia beraiek antolatu zutela akordarazi du.