Kataluniako lider subiranisten kontrako epaia idatzita dauka Manuen Marchena epaimahaiburuak, eta, azken egunetan, hari azken errepasoa ematen ari dira epaimahaiko gainerako magistratuak. Astelehenean dira berriz biltzekoak, eta azken aldaketa eta eztabaidak eginda, egun horretan bertan edo asteartean sinatuko eta kaleratuko dute epaia.
Nolanahi ere, zigor zehatzak jakin ez badira ere, hedabide ugaritan filtratu dute zer delitu leporatuko dizkieten. Matxinadagatik zigortu nahi zituen fiskalak, baina, filtrazioen arabera, delitu hori ez da agertuko epaian. Sedizioarena agertuko da, eta, beraz, txikiagoak izango dira jarriko dizkieten zigorrak. Hala ere, 15 urterainoko zigorrak jaso ditzakete delitu hori egozten dietenek.
Antza denez, epaimahaia ados dago horretan, eta uste dute epaiketan ez dela frogatu matxinada egozteko beharrezkoa den indarkeria egon denik. Hain zuzen ere, horixe argudiatu zuen Estatuaren Abokatuak ere, azken ondorioetan.
Filtrazioen arabera, diru publikoa bidegabe erabiltzea ere egotziko diete Oriol Junquerasi, Joaquim Forni, Josep Rulli, Jordi Turulli eta Raul Romevari. Eta espetxe zigorra izango dute bost horiek. Iturri horien arabera, Santi Vila, Carles Mundo eta Meritxell Borras, berriz, ez dira espetxera joango, desobedientziagatik zigortuko dituztelako.
Nolanahi ere, badirudi zabaldu diren informazioak idatzita dagoen zirriborroan jasotakoari buruzkoak direla, eta, beraz, aldaketak izan ditzake.
Delituak
Matxinada: altxamendu “publiko eta biolentoa” estatuko botereen kontra, horiek erorarazteko edo modu jakin batean jokatzera behartzeko asmoarekin. Konstituzioaren kontrako delituen artean jasota dago matxinada, eta zigortzen du, besteak beste, lurraldearen zati bat independente izendatzea, “Nazioaren Gobernua beste batengatik ordezkatzea”, eta konstituzioa “ezeztatzea, etetea edo partzialki aldatzea”.
Sedizioa: altxamendu “publiko eta istilutsua” da, autoritateari edo funtzionario publikoei eragozteko, “indarra erabiliz edo legearen bidetik kanpo”, legeak aplikatzea edo ekintzak gauzatzea.
Desobedientzia: modu aktibo batean edo bestela egin ezaz uko egitea agindu lotesle eta derrigorrez bete beharreko bati. 410. artikuluak jasotzen du desobedientzia delitua leporatuko zaiela “ebazpen judizialak edo gaineko autoritate batek emandako aginduak betetzeari modu irekian uko egin dieten autoritate edo funtzionario publikoei”.
Diru publikoaren erabilera bidegabea: autoritateak edo funtzionario publikoak funts publikoak “leialtasunik gabe” erabiltzea. 253. artikuluak dioenez, “kaltea” 50.000 eurotik gorakoa bada, kartzela zigorra lau eta zortzi urte artekoa izango da; eta 250.000 eurotik gorakoa bada, sei eta zortzi urte artekoa.