Hitz gogorrak erabili ditu NBEko Giza Eskubideetarako goi mandatari Navi Pillayk Segurtasun Batzordearen aurka. Haren esanetan, erakundeak ez du batere "eraginkortasunik" nazioarteko gatazketan, "herrialdeen interesak behar orokorren aurretik" jartzen dituztelako bertako kideek. "Benetan uste dut ehunka mila lagun salbatuko genituzkeela batzorde honek erantzukizun handiagoa agertuko balu".
Hain zuzen ere, Siriako gatazkan hildakoen kopuruak eman ditu gaur Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoak. Duela hiru urtetik hona, 191.000 pertsonatik gora hil dira han; horietatik 9.000, adingabeak. "Siriako gatazka zabalduz doa, eta ezinezkoa da jakitea noraino helduko den".
Baina Segurtasun Batzordean egindako azken agerraldian —hilaren 30ean amaituko da haren agintaldia—, beste gatazka batzuk ere ekarri ditu gogora Pillayk; besteak beste, Afrika Erdiko Errepublikakoa, Sudangoa eta Gazakoa. "Krisi horiek guztiak ez dira bat-batean piztu. Epe laburrrako asmo geopolitikoak eta interes pertsonalak jarri dira giza sufrimenduaren gainetik, nazioartearen egonkortasuna eta bakea arriskuan jarriz". Alde horretatik, salatu du zeinbat herrialderen beto eskubidea "oztopo bat" dela gatazken konponbidean.
Ebazpen baten bidez, gaur Segurtasun Batzordeak hitzeman du "ahalegin handiagoa" egingo duela gatazkak eragozteko.