Uzbekistan

Segurtasun indarrek eta erreboltariek elkarren kontrako borroketan jarraitzen dute Uzbekistanen

Tiro hotsekin esnatu da gaur goizean ere Uzbekistango Andijon hiria, oposizioaren erreboltaren gune nagusia. Armada eta matxinoek elkarri jaurtitako tiroak entzuten dira. Gutxienez, 500 lagun hil ostiralean errebolta hasi zenetik, eta, gainera, beste hiri batzuetara zabaldu da altxamendua. Jende asko Kirgizistanera doa ihesean, borroketatik alde egiteko.

2005eko maiatzaren 16a
11:54
Entzun
Andijonen ez ezik, Kirgizistango mugatik hurbil dagoen Karasoven ere Gobernuaren aurkako altxamendua hasi dute herritarrek, eta nazioarteko zenbait albiste agentziren arabera, beste herri batzuetara ere ari da zabaltzen matxinada. Iturri horien arabera, ostiralean istiluak hasi zirenetik 500 lagun hil dira Andijonen; zenbait agentziak zehaztu dute Karasoven beste 200 bat pertsona hil direla.

Islam Karimov presidentearen Gobernuak erregimen gogorra eratu du, eta nazioarteko giza eskubideen defentsarako erakundeek sarritan salatu dute ohikotan gehiegikeria handiak egiten dituela Karimoven erregimenak. Horren guztiaren kontra altxatu bide dira herritarrak, baina Gobernuaren arabera, muturreko islamistak dira erreboltaren gidariak.

Lekukoek kontrakoa dioten arren, Karimoven Gobernuak ukatu egin du soldaduek eta poliziek manifestariak tirokatu dituztela. Hala ere, giza eskubideen aldeko elkarteek sinesgarritasun txikia aitortzen diete Karimoven adierazpenei. Nolanahi ere, kazetariei borrokak gertatzen ari diren guneetarako sarbidea eragozten diete segurtasun indarrek, eta, ondorioz, zaila da informazio zuzena jasotzea.

Adituen arabera, 1991n Sobiet Batasunarekiko independentzia eskuratu zutenetik Uzbekistanen gertatu diren istilu larrienak dira oraingoak. Hori dela eta, jende asko beren bizilekuetatik alde egiten ari dira, Kirgizistanera, borroketatik ihesi.

26 milioi bizilagun ditu Uzbekistanek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.