Ipar Osetia

Segurtasun indarrek ez zutela Beslango sarraskian errurik izan ebatzi du Errusiako Fiskaltza Nagusiak

Errusiako Fiskaltza Nagusiak errugabetu egin ditu Errusiako segurtasun indarrak 2004ko irailean Beslanen (Ipar Osetia) gertatutako sarraskiagatik. “Aditu taldeak ez du Beslango sarraskiarekin harreman izan dezakeen akatsik topatu segurtasun indarren jardunbidean”, azaldu du Nikolai Shepel fiskal nagusiordeak. Shepelek adierazi duenez, segurtasun indarrek bahituak askatzeko egin zuten ahaleginean lege federalarekin bat jardun zuten eta ez zuten gehiegikeriarik egin armak eta bestelako baliabide teknikoak erabiltzerako orduan.

2005eko abenduaren 27a
13:36
Entzun
Hildakoen senideek operazioko buruei, Barne Ministerioari, Segurtasun Zerbitzu Federalari eta Larrialdi egoeretako ministeriori egozten diete sarraskiaren errua. Familien ustez horiek eragin zituzten leherketek eta suteek eraginda hil ziren gatibu gehienak.

Beslango Amen Batzordeak gogor kritikatu zuen Errusiako agintarien jokaera eta berretsi egin du ume asko kiskalita edota bahitzaile eta segurtasun indarren arteko su gurutzatuaren ondorioz hil ziren.

2004ko irailaren 3an, dozenaka gerrillari gehienak txetxeniarrak, baina baita ingush, ipar osetiar eta bestelakoak ere eraikinera sartu eta 1.128 pertsona bahitu baitzituzten. Bahituak askatzearen truke Errusiako Armadak Txetxeniaren kontrako gerra bukatzea eta Moskuk errepublika horren independentzia ofizialki ezagutzea galdegin zuten, besteak beste, ekintzaileek. 52 orduren buruan 331 lagun hil ziren tartean 186 ume, baita 30 bat gerrillari ere. Segurtasun indarrek eraikina inguratuta zuten eta oraindik argitu gabeko eztanda zein tiroketen ondorioz, sarraskia gertatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.