Segurtasun Kontseilua, lur okupatuetara

Palestina Askatzeko Erakundeak esan du berrikusi egingo dituela PANek Israelekin sinatutako akordioak

Erredakzioa
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
NBEren Segurtasun Kontseiluko hamabost kideak lurralde palestinar okupatuak bisitatzera gonbidatu ditu PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek. Palestinarren asmoa, Segurtasun Kontseiluko kideek «Israelen okupazioaren ondorioak» bertatik bertara ikusi ahal izatea da, «beren ondorioak atera ditzaten». Bisita «ahalik eta lasterren» egin dezaten nahi du Abbasek. Kolonien etengabeko eraikitzea, banaketa hesiaren eragina eta Ekialdeko Jerusalemen palestinarrek duten egoera ezagutarazi nahi diete NBEren Segurtasun Kontseiluko kideei.

Halaber, datozen egunotan PAN Palestinako Aginte Nazionalak Israelekin sinatutako itunak aztertuko dituela iragarri du Hanna Amira PAE Palestina Askatzeko Erakundeko zuzendaritzako kideak. Batez ere, itunetan bildutako segurtasun, politika eta ekonomia alorrak aztertuko ditu PANek.

Mahmud Abbas PANeko presidenteak iragan ostiralean adierazi zuenez, «erabaki garrantzitsu» baten berri emango du hamar egunen barruan. Baina Qais Abd al-Karim DFLP Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoko ordezkariak aurreratu du Abbasek ez duela Tel Avivekin sinatutako akordio bakar bat ere hautsiko. Helburua nazioarteari presio egitea izango da, Israelek nazioarteko itunekin bat egin dezan.

Bestalde, PAEk gogor egin du Tel Aviven okupazio politikaren kontra. 1967az geroztik Jerusalemen bertan jaiotako 14.000 palestinarri egoitza ukatu dietela eta palestinarren 3.300 etxebizitza eraitsi dituztela salatu du.

Bien bitartean, bi alderdi palestinar nagusiek hitzartutako batasun nazionaleko gobernuaren osaketak airean jarraitzen du. Al-Fatah alderdiak adierazi duenez, «Khaled Maxalek [Hamaseko buruak] eskatuta» erabaki dute gobernu osaketa atzeratzea. Hauteskunde Batzordeak oraindik ez du Gazan lanean hasteko aukerarik izan, Hamasek lana oztopatzen diolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.