Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu du Annanen Siriarako plana

Mandatari bereziak Baxar Al-Assaden eta oposizioaren arteko elkarrizketa politikoa bideratzeko eskatu du

Ane Urrutikoetxea.
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu du Kofi Annan NBEko idazkari nagusi ohiaren Siriarentzako bake proposamena, eta bertan bildutako sei puntuak betetzea eskatu dio Siriako Gobernuari eta oposizioko taldeei. «Fede onez negoziaketak bideratzeko eskatzen diogu herrialdeari». Hitz horiekin, Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek bat egin dute Annanen testuarekin lehen aldiz. Txinak eta Errusiak bitan betoa jarri diete Segurtarun Kontseiluaren proposamenei. Oraingoan, NBEko herrialdeek proposamen bateratua babesteko helburua bete du Annanek. Bestalde, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ohartarazi du Siriako krisi egoerak nazioartean «ondorio erraldoiak» izan ditzakeela.

NBEko idazkari nagusi ohia duela bi aste izan zen Damaskon. Baxar Al-Assad Siriako presidentearekin bildu zen, eta honek esan zion «erreboltariek erasoak amaitu arte» ez zuela indarkeria utziko. Annanen proposamenaren helburu nagusia Siriako Gobernuaren eta oposizio guztiaren arteko elkarrizketa politikoa bideratzea da. Segurtasun Kontseiluak babestutako proposamenak ez du Al-Assaden erregimenaren amaiera eskatzen, eta horren ordez, negoziaketen aldeko apustua egiten du.

Hasiera batean AEBek Al-Assaden erregimenaren amaiera eskatu bazuten ere, Annanen proposamena onartu dute. Dena den, Hillary Clinton AEBetako idazkariak Al-Assadi ohartarazi dio erregimenaren aurkako neurriak gogortuko dituztela bake proposamenaren puntuak betetzen ez baditu.

Lehentasuna eman diote bake elkarrizketak bideratzeari, eta baita erasoen amaiera eta giza laguntzak herrietara helaraztea. Erasoen amaiera NBEk ikuskatzea eskatu dute, herritarrak babestu ahal izateko. Horretarako, Siriako Gobernuak armadaren ekintzak eten eta hiriguneetatik tankeak eta tropak atera behar dituela diote bake proposamenean. Gainera, giza laguntza helarazteko, egunean gutxienez bi orduz erasoak etetea proposatu dute, duela aste batzuk Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak egindako eskaera mantenduz. Bake proposamenean atxilotuak ere kontuan hartu dituzte. Manifestazio baketsuetan atxilotutakoak askatzeko eskatu dute, eta baita elkartzeko eta manifestazioak egiteko eskubideak bermatzeko ere. Azkenik, kazetariei herrialdetik aske ibiltzeko baimenak emateko eskatu dute.

Siriako gatazka konpontzeko bidean, Annanen proposamena da aurrera atera den bakarra. Orain arte aurkeztutako bake planek huts egin dute. Arabiar Ligak begiraleak bidali zituen iaz, eta hilabetez egon ziren Sirian, indarkeria eten ez zelako atera zituen arte. Ondoren, Arabiar Ligak eta Mendebaldeak bi plan aurkeztu zituzten, Txinak beste bat, eta azkena, Errusiak eta Arabiar Ligak aurkeztutakoa da. Lehenbiziko biei betoa jarri zioten Errusiak eta Txinak, eta hurrengoei Siriak baiezkoa eman arren, Mendebaldeak kritikatu egin zituen.

Erasoak ez dira amaitu

Segurtasun Kontseiluak eskaera bateratua egin arren, Siriako erasoak ez dira amaitu, eta oposizioaren arabera atzo bertan gutxienez 52 lagun hil zituzten Homs hirian.

Bestalde, Errusiak hala eskatuta, Segurtasun Kontseiluak aurreko asteko atentatuak gaitzetsi ditu. Horrekin batera, Europako Batasunak Al-Assaden lau senideri zigorrak ezarriko dizkio, eta «zerrenda beltzan» sartu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.