NBEko idazkari nagusiaren hautaketa

Segurtasun Kontseiluak balekoa eman dio Guterresen hautagaitzari

UNHCR iheslarientzako agentziako buruak gidatuko du NBE hurrengo urtetik aurrera. Datorren astean Batzar Orokorrak berretsi beharko du izendapena.

jarraia127493.jpg
Adrian Garcia.
2016ko urriaren 6a
12:08
Entzun

Segurtasun Kontseiluak aho batez izendatu du Antonio Guterres Portugalgo lehen ministro ohia NBEko idazkari nagusi izateko, eta Batzar Orokorrari gomendatu dio ere berean babesteko izendapena. 193 kide ditu batzarrak, eta hurrengo astean da biltzekoa Guterresen hautagaitza berresteko. Ban Ki-moonek bi legealdi bete ditu erakundeko idazkari nagusi karguan, eta urte amaieran utziko du kargua. Banen hitzetan, Guterresen hautagaitza "aukera paregabea" da. "Ziur nago erronka guztiei ongi erantzuko diola, garapena bultzatuz, giza eskubideak defendatuz eta giza sufrimendua arinduz", esan du Banek.

Ingenieritza eta fisika ikasketak ditu Guterresek. Urte gutxi iraun zituen irakaskuntzan, 1974. urtean Alderdi Sozialistan izena eman baitzuen. Urte horretan kargugabetu zuten Antonio de Oliveira Salazar diktadorea Portugalen, eta azkar murgildu zen politikagintzan. Alderdi Sozialistako idazkari nagusia hautatu eta hiru urtera, 1995ean, lehen ministro kargua hartu zuen, 2002ra arte.

Siriako gerrari eta errefuxiatuen krisiari aurre egin beharko dio Guterresek. Azken afera horretan badu sobera eskarmentu, UNHCR Nazio Batuen Iheslarientzako Goi Mandataria izan baita 2005. urtetik. Haren ardurapean agentzia horrek erantzuteko gaitasuna handitu behar izan du. Herrialde aberastuei laguntza gehiago eskatzeko ahalegina egin du Guterresek. "Ezin diogu jendeari ihes egitea eragotzi. Etorri egingo dira. Aukera bakarra da haien etorrera nola kudeatuko dugun erabakitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.