NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko herrialdeek ez dute adostasunik lortu, eta NBEk behatzaileen Siriako misioa ez luzatzea erabaki du. «Igande gauerdian» amaituko dela adierazi du NBEko bake operazioetarako idazkariorde Edmond Muletek. Segurtasun Kontseiluko presidente eta Frantziako enbaxadore Gerard Arauden arabera, misioa luzatzeko «baldintzak ez dira bete». Horregatik, «Siriako indarkeriaren gorakada eta Segurtasun Kontseiluko herrialdeen arteko zatiketa kontuan izanda», erabakia beharrezkoa zela arrazoitu du. Hala ere, Damaskon bulego politiko bat ezarri eta Sirian NBEren presentzia mantentzearen alde egin du Araudek.
NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek aste hasieran eskatu zion Segurtasun Kontseiluari armatu gabeko behatzaileak erretiratzeko, eta laguntza humanitarioa bideratzeaz zein gatazkaren konponbidea bultzatzeaz arduratuko den bulegoa ezartzeko agindu zion. Banek adierazi du NBEk Siriako herritarrei ematen dien laguntza ez dela eten behar, baina egokitzea beharrezkoa dela.
Moskuk NBEren behatzaileen misioa luzatzearen alde egin du, eta adierazi du behatzaileak Siriatik irteteak «ondorio txarrak» ekarriko dituela herrialdera. Vitali Txurkin Errusiako enbaxadoreak salatu du «zenbait herrialdek» ez dutela «behar besteko konpromisorik azaldu». Enbaxadoreak Siriarako Ekintza Taldea New Yorken biltzeko deialdia egin du gaurko. Txurkinek adierazi du Siriako gatazkako alde guztiei indarkeria uzteko deia egin behar zaiela, eta euren ordezkariak konponbide politikoa negoziatzera bultzatzeko eskatu behar zaiela, epe zehatz bat ezarrita.
Guennadi Gatilov Errusiako Atzerri ministrordeak AEBetako Estatu idazkariorde Wendy Shermanekin bildu da Moskun, Siriako gatazkaz hitz egiteko. Gatilovek ohartarazi dio nazioarteko eragileek ere «zorrotz» bete behar dituztela Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak. Washingtonek, bere aldetik, «gatazkaren konponbidea oztopatzea» leporatu dio Errusiako Gobernuari. Victoria Nuland AEBetako Estatu Departamentuko bozeramailearen arabera, Washington oposizioa babesten ari da, «Al-Assad boteretik lehenbailehen kanporatzeko eta Siriako trantsizio demokratikoa abiarazteko». Bestalde, Txinarekin batera Al-Assaden gobernuari ezarritako zigorrei betoa ezarrita NBEri lan egiten ez uztea leporatu dio Moskuri.
Batzeko deia oposizioari
Alemaniak «batuta jarraitzeko» eskatu dio Siriako oposizioari. Alemaniako Atzerri ministro Guido Westerwellek SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko kide Riad Seifi erregutu dio «oposizioak plan bateratu bat» presta dezalaAl-Assaden agintea erortzen denerako. Westerwellek adierazi du esku hartze militarrak «eztanda» eragingo lukeela Sirian, eta bere ustez nazioarteak ekintza militarra saihestu eta «presio politikoa areagotu» beharko lukeela. Errusiako eta Txinako gobernuei, berriz, eskatu die uzteko Al-Assaden agintea babesteari.
Siriako Gobernuko mandatari berezi Bouthaina Shaaban, ordea, pozik agertu da Errusiaren eta Txinaren jarrerarekin, eta eskertu egin die «kolonizatzaile» modura ez aritzea eta gatazka modu baketsuan konpontzen ahalegintzea. Pekinera egindako bisitan, Shaabanek esan du Mendebaldeko herrialdeek Al-Assaden gobernuari ezarri nahi zizkioten zigorrek «kalte» egin diotela Siriari, eta egoera «okerragotu» dutela «gerra bultzatu nahi zutenak armaz eta diruz lagunduta».
Segurtasun Kontseiluak bertan behera utzi du NBEko behatzaileen Siriako misioa
«Ondorio txarrak» ekarriko dituela adierazi du Moskuk, eta Siriako Ekintza Taldearen bilkura deitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu