Segurtasun Kontseiluak Sirian bake plan bat onar dezan nahi du Errusiak

Siriarako Ekintza Taldeak ekainean onartutako trantsizio planaren alde egitea proposatu du Moskuk

Erredakzioa
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak hil honetan bertan Siriarako bake plan bat onar dezala nahi du Errusiak. «AEBetako idazkari nagusiarekin [Hillary Clintonekin] egin dugun bileran adierazi diogu Errusiak Segurtasun Kontseiluari eskatuko diola Genevako adierazpenarekin bat egiteko», adierazi du Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak. Vladivostoken elkartu da Clintonekin, APEC Asia-Ozeano Bareko Lankidetza Ekonomikoaren goi bileran. Suitzako Geneva hirian trantsiziorako plan bat bultzatzea adostu zuen Siriarako Ekintza Taldeak iragan ekainaren 30ean, Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren mandatari berezi ohiak proposatuta, baina asmo horiek ez dira gauzatu.

Segurtasun Kontseilua hil honen amaiera aldera da biltzekoa. Lavrovek erran duenez, Errusiak eta Mendebaldeko herrialdeek «helburu berak» dituzte. «Siria, askea, demokratikoa eta oparoa izan dadila nahi dugu, herriak aukeratutako gobernu batekin». Siriarako Ekintza Taldea Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak— , Arabiar Ligak, Turkiak eta NBEk osatu zuten. Azken adierazpenean, trantsizioa egungo agintariak eta oposizioko kideak bilduko dituen gobernu batek zuzentzearen alde agertu ziren. Baxar al-Assadek eduki beharko lukeen rolari ez zioten aipamenik egin, Mendebaldeak alde egiteko exijitu arren.

Lavrov eta oposizioko taldeak

Siriako oposizioa ere mintzagai izan du Lavrovek, baina aski balorazio ezberdina egin du bi talde nagusiekiko. Alde batetik, NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordearen proposamen baten alde agertu da, hil honen amaieran Damaskon Al-Assaden gobernuarekin elkarrizketak abiarazteko konferentzia bat egiteko. SNC Siriako Kontseilu Nazionalari, ordea, «liskarrerako egitura» bat dela erran dio, eta Europako herrialde batzuei leporatu die erakunde hori elkarrizketaren aurkako jarrerara bultzatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.