Aminatu Haidar ekintzaile sahararrak gutxiegitzat jo du Europako Kontseiluko presidente Herman Van Rompuyk Marokori giza eskubideak errespetatzeko eskatu izana. Haren iritziz, Espainiak argi erakutsi du Marokorekiko harremanak sendotzea duela helburu bakarra. Hala, Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura jotzeko asmoa iragarri zuen herenegun Haidarrek. «AEBak aldatzen ari dira, nazioarteko legediaren alde jartzen hasiak dira; aldiz, Espainiak Marokoren ondoan jarraitzen du».
Granadan (Andaluzia, Espainia) egin zituen adierazpenok ekintzaile sahararrak. Europako Batasunaren eta Marokoren arteko goi bilera salatzeko egindako ekitaldian. Granadako Unibertsitateko Zientzien Fakultatean eginiko agerraldian saharar herriaren eskubideak errespetatzeko eskatu zion Rabati. Agerraldiaren ostean, manifestazio jendetsua egin zuten.
Bien bitartean, Alhambra jauregian egindako goi bileran, Mendebaldeko Saharako gatazkari «behin betiko akordio politikoa» lortzearen alde hitz egin zuten Rabat eta Bruselako ordezkariek. Marokoko lehen ministro Abbas al Fasik aukera baliatu zuen Mohamed VI.a erregeak Sahararako aurkeztutako autonomia proposamenaren alde egiteko. «Ezin da Marokoren osotasuna suntsitu, giza eskubideen urraketa gutxi batzuengatik».
Mendebaldeko Saharan autodeterminazio erreferenduma dute egitekoa, baina Rabatek ez du onartzen galdeketan independentziaren aukera jasotzea autonomiarenarekin batera.
Segurtasun Kontseilura joko du Haidarrek Maroko salatu dezan
Protesta jendetsua egin dute Espainian, Europako Batasunaren eta Marokoren arteko goi bilera salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu