Liskarren beldur, erne egoteko eskatu zion Venezuelako presidente Hugo Chavezek Armadari herenegun. «Oposizioko muturreko taldeak indarkeria bultzatzen saiatu dira. Ondorioz, edozein erasori irmo erantzuteko prest dago Armada», ohartarazi zuen. Oposizioko lau alderdi nagusiek hautagaiak erretiratzea erabaki zuten, bozkatzeko sistema automatikoak akatsak zituela eta Hauteskunde Batzorde Nazionalak hautesle zerrendak puztu zituela argudiatuta. Gobernuaren arabera, ordea, «irabazteko aukerarik ez dutelako» eta Washingtonek bultzatuta deitu dute boikotera. Hala ere, Batzorde Nazionalaren arabera, hauteskunde zerrendetan izena eman zuten 5.516 hautagaietatik %5 soilik erretiratu dira.
Bestalde, bi lehergailu leherrarazi zituzten herenegun Caracasko Fuerte Tiuna base militarrean. Iturri ofizialen arabera, kalte material txikiak eragin zituzten eztandek. Bonbak basetik gertu aparkatutako bi autoren azpian jarri zituzten. Wilfredo Silva jeneralak azaldu zuenez, basearen inguruko zirkulazioa murriztu zuten atzo, eraso gehiago saihesteko. Gobernuak oposizioko taldeei leporatu zizkien erasoak.
Bestalde, Sumate hauteskundeak gainbegiratzeaz arduratzen den taldeari Washingtonen alde egitea eta azpijokoan aritzea leporatu zion Chavezek. Erakundeak oposizioaren alde egin eta bozkatzeko sistemak akatsak dituela salatu zuen. «Egiaren bila ari gara. Herritarren eskubideak defendatzea da gure xedea, baina hori egiteagatik zigortzen zaituzten herrialde batean bizi gara», salatu zuten taldeko buru Maria Corina Machadok. 167 diputatu aukeratuko dituzte gaur bozkatzeko aukera duten 14,5 milioi venezuelarrek.
VENEZUELA
Segurtasun neurri zorrotzekin egingo dituzte gaur hauteskundeak
Bi lehergailu zartarazi dituzte Caracasko base militar batean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu