LIBANO

Segurtasun zerbitzuetako buruak kargutik kentzeko eskatu du oposizioak

Presidenteak 48 orduko epea eman du lehen ministrogaia hautatzeko

Erredakzioa
2005eko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Libanoko segurtasun indarretako buruak kargutik kentzeko eskatu zuten atzo oposizioko kideek azken egun hauetako aldarrikapenei beste bat gehituz. Siriako soldaduak eta inteligentzia zerbitzuetako kideek herrialdea utzi behar dutela berretsi zuten. Oposizioko Butros Harb diputatuak aldarrikapen guztiak aintzat hartuak izatea espero duela esan zuen: «Gobernu berriak gure eskaera guztiak bete behar ditu».

Rafic Hariri lehen ministro ohia eta oposizioko kidearen hilketa hauteskundeak deitu aurretik argitu behar dela gaineratu zuen: «Ez da zuzena bozetara deitzea aurretik gertatu zenaren egia ez badakigu». Bozak, dena den, demokratikoak izango direla bermatu behar dela zehaztu zuen Harbek.Oposizioko taldeak datozen orduetan bilduko dira trantsizio garairako estrategia bateratu bat hitzartzeko. Mujtara hirian egingo dute bilera, hain zuzen ere, Ualid Jumblad oposizioko buruzagi drusoaren etxean Jumblad etxean babestuta dago eraso baten beldur delako. Beirut hiriburuko kaleak, bien bitartean, herritarrez gainezka daude. Omar Karami lehen ministroak bere gobernuaren dimisioa iragarri zuen herenegun oposizioko kideen protestak direla eta: «Libanoren onurarako oztopo izan ez dadin, nire gobernuaren dimisioa ematen dut». Gobernuaren aurkako zentsura mozioa eztabaidatzen hasi berriak zirenean iragarri zuen dimisioa Legebiltzarrean.

Emile Lahoud presidenteak, ildo horretan, berrogeita zortzi orduko epea ema zien atzo talde parlamentarioei hautagai bat aukeratzeko. Presidentearen eledun Rafic Txelalak kontsultak bihar hasiko direla jakinarazi zuen: «Alde guztiei euren estrategiak prestatu ahal izateko denbora eman nahi izan diegu». Legebiltzarrerako bozak hemendik hiru hilabetera egitea espero da eta denbora tarte horretan behin-behineko gobernu bat eratzea da asmoa. Eledunaren arabera, «egoera zail honetan» ahalik eta gobernu «neutroena» eratzea da gauzarik garrantzitsuena. Siriako soldaduak erretiratzea ez dagoela presidentearen esku iritzi zion Txelalak: «Presidenteak batasun nazionalerako egin duen deiaren inguruan biltzeko garaia da». Washingtonek eta Parisek soldadu siriarrak erretiratzeko eskatu zuten atzo beste behin.

Ikerketan laguntzeko prest

NBE Nazio Batuen Erakundeko aditu taldeak, berriz, lehen ministro ohiaren hilketa ikertzen jarraitzen du. Emile Lahud presidenteak bere laguntza guztia izango dutela jakinarazi zien atzo: «Bake zibilaren eta batasun nazionalaren kontrako krimena izan zen. Segurtasun indarrei eta epaileei kolaboratzeko agindua eman diet».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.