Itxialdia ezarri dute Indiako agintariek hiriburuan. Bigarren olatuak gogor jo du herrialdean, eta, batez beste, 200.000 kasu atzematen dituzten egunero. Orotara, 15 milioiko langa igaro dute positiboek, eta 178,769 dira hildakoak. Horretaz gain, herrialde osoko erietxeak oxigenorik eta ohe librerik gabe geratzen ari dira. «Itxialdia ezarri ezean, hondamendi handiago bati egin beharko diogu aurre», adierazi du Delhiko gobernadore Arvind Kejriwalek.
Itxialdiak irauten duen bitartean zabalik izango dira gune erlijiosoak, baina ezin izango dute bisitaririk hartu. Ezkontzetan, gehienez ere, 50 lagun bildu ahal izango dira, eta hogei, berriz, hiletetan. Bilera politiko, sozial eta erlijioso oro debekatuta egongo da, eta bidaiak soilik baimenduko dira herritarrek txertoa hartua dutela edo kutsatuta ez daudela frogatzen duten kasuetan.
Delhin ez ezik, beste hainbat hiri handitan ere arazo larriak dituzte erietxeetan, eta medikuek ohartarazi dute testen emaitzak ere atzeratzen ari direla, ez baitute nahikoa baliabiderik eskariari erantzuteko. Narendra Modi lehen ministroaren aurkako kritikak ere gogortu egin dira pandemiak okerrera egin ahala; izan ere, azken asteetan mitin politiko jendetsuak eta ekitaldi erlijiosoak baimendu ditu gobernuak, non milaka lagun elkartu diren, eta birusa zabaltzea erraztu. Aldaera berriak agertu izanak ere azkartu egin ditu kutsatzeak. Modik berak ekitaldi jendetsua egin zuen joan den larunbatean, eta maskara gabe agertu zen jendaurrean.
Azken hilabetean gora egin dute aktibo dauden kasuek ere 1,9 milioira heldu arte. Joan den irailean eman zuen aurreko daturik okerrena positiboei dagokienez, baina orduan milioi bat eskasera heldu ziren. Bigarren olatu honen ondorioez ohartarazi dute adituek, batez ere erietxeak tokirik gabe geratzen ari baitira.