Protestak herrialde arabiarretan

Sei hilabetean Egipton larrialdi egoera kenduko dutela esan dute armadako buruek.

1981. urtetik dago indarrean, eta Hosni Mubaraken erregimenaren ardatzetako bat izan da. Protestak hedatzen ari dira, eta Bahrain, Libia, Yemen eta Aljerian izateaz gain, Saudi Arabian eta Kuwaiten ere istiluak ari dira gertatzen.

2011ko otsailaren 19a
20:39
Entzun
Egiptoko armadak gaur esan duenez, sei hilabeteko epean kenduko du 1981. urtetik herrialde horretan ezarrita dagoen larrialdi egoera. Neurri hori Hosni Mubarakek ezarri zuen orain dela 30 urte, eta haren erregimenaren ardatzetako bat izan da, Poliziari zantzurik gabe edonor atxilotzeko ezohiko ahalmena ematen baitzion.

Tunisiako eta Egiptoko adibideei jarraituz, gero eta herrialde arabiar gehiagotan ari da jendea kalera ateratzen eskubide gehiago eskatzera. Libian, Aljerian, Bahrainen eta Yemenen errepresioarekin erantzunten jarraitzen dute agintariek, baina herrialde horietan bezala, Saudi Arabian eta Kuwaiten ere zenbait istilu izan dira. Saudi Arabian alderdi politiko bat sortu nahi zuten oposizioko zazpi kide atxilotu dituzte.

Libian manifestarien aurka tiro egin du Poliziak

Poliziak manifestarien aurka tiro egin du Mosratan, Libiako hirugarren hiri handienean. Al Jazeera telebista kateak azaldu duenez, zortzi pertsona gutxienez zaurituta daude. Abderrahman Suihli unibertsitateko irakaslea tiroketaren lekuko izan da. Haren hitzetan, hainbat gazte atera dira gaur kalera Gadafiren dimisioa eta erregimenean aldaketak eskatzera. Poliziak tiro eginez erantzun diela esan du. "Zortzi pertsona ikusi ditut zaurituta. Ez dakit hildakorik ba ote dagoen, baina badakit horiek behintzat larri zaurituta daudela", esan dio Al Jazeera telebista kateari.

Mohamed Sedaka giza eskubideen ekintzaileak esan duenez, Benghazin ez dago orain poliziarik kaleetan, eta oposizioaren koltrolpean daudela esan du. Haren hitzetan, manifestarien presioa ikusirik amore eman dute poliziek.

Armada Manamako kaleetatik erretiratu da

Bahraingo armada Manama hiriburuko kaleetatik erretiratu da gaur goizean. Salman bin Hamad al Jalifa printzeak ohar batean esan du, ordea, Poliziak legea eta ordena zaintzen jarraituko duela, eta horretan ari da. Armadak kaleak utzi dituenean manifestariak Perla enparantzan biltzen hasi dira berriro, eta Poliziak negarra eragiteko gasekin eta kolpeekin egin du euren kontra.

Ostegunean bota zituzten manifestariak Perla enparantzatik, eta lau pertsona hil eta 231 zauritu zituen Poliziak zeregin horretan. Gutxienez sei pertsona hil dira Bahrainen protestak hasi zirenetik. Ostiralean Hamad bin Isa al Jalifa erregeak elkarrizketarako deia egin zuen, baina oposizioko alderdi nagusiak ez direla bilduko erantzun du.

Oposizioko diputatu bat larri zauritu da Aljerian

Aljerren oposizioko diputatu bat larri zauritu dute gaur. Tahar Besbes du izena, eta Kultura eta Demokraziarako Batasuna alderdiko kidea da. Gobernuaren aurkako protestaldi batean parte hartzen ari zela zauritu da, Polizia manifestariei oldartu zaienean, erori eta buruarekin espaloia jo duenean. Reuters albiste agentziak jakinarazi duenez, gainera, Belaid Abrika oposizioko kidea atxilotu dute; Abrika berbereen eskubideen defendatzailea da.

Aurreko astean bezala, Aljerren gaurko deituta zeuden manifestazioak zaintzeko polizia ugari izan da. Batik bat Maiatzaren Lehena enparantzaren inguruan egon da Polizia, protesta egiteko deituta zegoen manifestazioa galarazteko. Aljeriako agintariek esan dute segurtasun arrazoiengatik debekatu dutela manifestazioa. Hala ere, mila pertsona inguru bildu dira, eta "askatasuna eta demokrazia" oihukatu dute; Poliziak bi aldiz kargatu du euren kontra.

Yemenen, beste hildako bat

Yemenen Gobernuaren aldekoek pertsona bat tiroz hil dute gaur. Oposizioak manifestatzera deitu du Sanako Unibertsitatean erreforma politikoa eskatzeko, eta mila pertsona inguru bildu dira. Elkarturik zeudenean, gobernuaren aldeko 300 jarraitzaile inguruk eraso egin diete. Hasieran harriak bota dizkiete, baina gero tiro ere egin dute. Hildakoaz gain, hainbat pertsona zauritu dira erasoan; gutxienez, hiru. Efe albiste agentziko berriemaileak jakinarazi duenez, Polizia ez da hara joan erasoa gelditzera.

Atzo, 4.000 pertsonak hartu zuten parte Sanako Unibertsitatetik abiatu zen manifestazioan. Poliziak eta gobernuaren aldekoek ezpatekin, makilekin eta harriekin sakabanatu zituzten. Taizen pertsona bat hil zen, gainera, eta 30 zauritu ziren oposizioaren manifestazio baten aurka auto batetik bonba bat jaurti zutenean. Aden-en Poliziak hiru pertsona hil zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.