Palestina

Sei lagun hil dira Gazan, Arafat zenaren aldeko omenaldian

Al Fatako eta Hamaseko jarraitzaileen arteko borrokak izan dira. 150 lagun zauritu egin dira; hamabost, larri.

2007ko azaroaren 12a
17:44
Entzun
Sei lagun hil dira gaur Gazan (Palestina), Jasser Arafaten heriotzaren hirugarren urteurrena gogoratzeko omenaldian, Al Fataren jarraitzaileen eta polizien artean izandako borroketan; Hamasen kide dira Gazako poliziak. Lehenago aipatu da hamabi direla hildakoak, baina Shifa erietxeko arduradunek diote sei direla. 150 lagun zauritu egin dira, eta horietatik hamabost larri daude.

Milaka eta milaka lagun elkartu da omenaldian -haien artean Al Fataren jarraitzaile ugari; alderdi horrek deitu du ekimena-, eta ekitaldia baimendua zuen Gazako Gobernuak. Aurretik izan dira liskarrak. Berri agentzia batzuen arabera, poliziak Al Fatakoen kontra tiroka hasi dira. Gazako Barne Ministerioak, aldiz, esan du Al Fataren kideak hasi direla polizien aurka tiroak botatzen teilatuetatik.

Hamasek Gaza hartua du ekainetik, Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionalaren (PAN) presidentearen alderdi Al Fatarekin borrokak izan ondotik. Harrezkeroztik gaurkoa lehen aldia izan da Al Fatak Gazan zerbait antolatu duela.

Arafat 2004ko azaroaren 11n hil zen, Parisen. PANen presidentea zen orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.