Gutxienez sei lagun hil dira, eta 30 zauritu, Boliviako armadaren eta Poliziaren operazio batean. Helburua zera zen: Senkatako hidrokarburoen findegitik 40 kamioi La Paz hiribururaino eramatea, Evo Morales presidente ohiaren jarraitzaileek azken egunetan ezarri duten blokeoari aurre egiteko. Jeanine Añez bere burua Boliviako presidente izendatu zuenaren dimisioa eskatzen dute manifestariek. Boliviako La Razon egunkariaren arabera, hil direnetako bat behintzat bala batek zaurituta hil da. Manifestariek salatu dute indar armatuek negar gasa eta suzko armak erabili dituztela; guztira, gutxienez, 27 hil dira Boliviako estatu kolpearen ondorioz.
Blokeoa igartzen hasiak dira jada La Pazen eta El Alton —handik bost kilometro eskasera dago—. Hiriko garraio publikoen %80 geldirik daude, eta urriak dira frutak, barazkiak eta haragia. Protestan dabiltzanek Soledad Chapeton El Altoko alkatearen etxeari ere su eman zioten; Evo Moralesen MAS alderdiaren aurkaria da. Hiri horretan indartsua da MAS, eta herritar gehienak jatorri aimara duten nekazariak dira. Arrazoi politikoez gain, litio erreserbak defendatzea da manifestarien helburuetako bat.
Jeanine Añezen Defentsa ministro Fernando Lopezek esan du indar armatuek ez dutela tirorik egin, eta ikerketei itxaron behar zaiela heriotzen arrazoiak jakiteko. Manifestarien ekintzak «bandalismo hutsa» direla gehitu du, eta findegira dinamitarekin sartu izana egotzi die manifestariei, «paretak bota, ibilgailuak erre eta gasa lapurtzeko». Horrez gain, salatu du blokeoa ezarri zutenak babesa jasotzen ari direla: «Aginduak, dirua, alkohola eta kokaina jasotzen ari dira, istiluak eragin eta beldurra zabaltzeko». Gobernu berriaren leloa dirudienarekin amaitu du agerraldia: «Bibliak, jainkoak, gidatzen gaitu gu oraindik».
Giza eskubideen urraketak
IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak Bolivian dagoen inpunitate arriskua nabarmendu du: «Moralesek alde egin zuenetik, suzko armen bidez egiten ari diren errepresioak nabarmen handitu du hildakoen eta zaurituen kopurua». Batzordeak gehitu duenez, «kezkagarria da» Poliziak eta armadak batera ekitea legezko oinarririk izan gabe, gehiago Añezen gobernuak armadari «euren burua defendatzeko» indarkeria erabiltzea baimentzen dion dekretua onartu zuenetik. Evo Morales presidente ohiak ere salatu ditu giza eskubideen urraketak azken astean.