Astebete igaro da Venezuelan protestan hasi zirenetik, eta sei lagun hil dira Poliziaren eta oposizioko jarraitzaileen arteko liskarretan. Carabobon hildako 22 urteko gazte bat eta Bolivarren gobernuaren aldeko langile bat dira azken biktimak.
Gaur zortzi hasi ziren istiluak, Caracasen. Manifestazio baten amaieran, hiru lagun hil zituzten tiroz.
Bestalde, Leopoldo Lopez oposizioko buruzagia espetxeratzeko agindu du epaileak, eta Caracas kanpoaldeko espetxe militar batean dago preso. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak haren kontra jardun zuen: "Espetxean dago, eta erantzun egingo du; hala egingo dut faxista guztiekin, dauden lekuan daudela".
Madurok azaldu du "ongi zainduta" daukaten kartzela batean dagoela Lopez, eta estatu kolpea egiten saiatzea egotzi dio: "Herrialdeko indarkeriazko ekintza orok erantzuleak ditu, horietako bat preso dago eta gainerakoek bide bera egingo dute".