Sekula amaitzen ez den zerrenda

Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministro ohia izan da entzuketen kasuan jakinarazi duten azken izena; «gaizkile ezagunekin» lan egin izana leporatu dio Brownek 'The Sunday Times' egunkariari.

2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Egunkaria itxi dute, baina eskandalua ez da amaitu; eta ez du ematen berehalakoan amaituko denik ere. Badirudi legez kanpoko entzuketak jasan dituzten lagunen zerrenda ez dela sekula bukatuko, egunetik egunera beste izen bat agertzen baita. Oraingoan, Gordon Brown Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren izena izan da Glenn Mulcaire detektibearen zerrendetan azaldu dena. Ustez, The Sunday Times astekariak legez kanpoko trikimailuak erabili zituen Brownen inguruko informazioa lortu ahal izateko. Besteak beste, bere telefonoko mezuak, bankuko kontua eta familiaren historial medikoa zelatatu zituen astekariak hamar bat urtez. Eta erabilitako bideak ere hainbat izan ziren: telefonoa ziztatu, zenbait polizia agenteri informazio truke dirua ordaindu, detektibe pribatuak kontratatu...

Brownen arabera, News Corporation-ek «bide higuingarriak eta gaizkile ezagunak» erabili ditu bera agintean zegoeneko informazioa ateratzeko. Gainera, aitortu du negar egin zuela The Sun egunkariak bere semearen gaixotasunari buruzko informazioa argitaratu zuenean. Izan ere, 2006an, egunkariak jakitera eman zuen Brownen seme Fraserrek fibrosia zuela. Antza denez, familiaren historial medikoa zelatatuta lortu zuten informazioa.

Azkena Brown izan bada ere, Rupert Murdoch australiarraren jabetza diren hedabideek ez dituzte ustez politikari eta ospetsuak soilik zelatatu. Haratago joan dira. Izan ere, azken astean zabaldu denaren arabera, News Corporation-en barneko hedabideek — The Sun, The Sunday Times eta News of The World, besteak beste—, bahitutako neskato baten, Irak eta Afganistango gerretan hildako soldaduen senitartekoen eta 2005eko uztailaren 7an izandako atentatuko biktimen telefonoak ere zelatatu zituzten. Atzo, berriz, John Jates poliziak adierazi zuen ia seguru zegoela bere telefonoa ere ziztatu zutela. Ezkutuko informazioa lortzeak ez du preziorik, antza. Eta, tamalez, irakurleek ere gustuko dute jendearen intimitatea zelatatze hori. Izan ere, Erresuma Batuko argitaraldi handiena zuen News of The World-ek. Hori gutxi balitz, lau milioi lagun inguruk erosi zuten egunkariaren azken alea joan den igandean, normalean baino bi aldiz gehiago.

Murdoch deklaratzera

Rupert Murdoch enpresariarena da News Corporation. Murdochen taldeak momenturo oztopatu ditu kasuaren inguruko ikerketak, eta ahalik eta informazio gutxien eman du kasua argi dadin. Diruaren indarra, nonbait. Azkenean, bete- betean zipriztindu du eskandaluak. Atzo jakinarazi zutenez, Erresuma Batuko Parlamentuko batzorde baten aurrean agertu beharko dira Murdoch bera, James haren anaia eta Rebekah Brooks News of The World-eko zuzendari ohia. Entzuketei buruz ezer ez zekitela frogatu beharko dute, eta ez dute erraza izango. Bestalde, Murdochen negozioei kalte egin die azken asteko albisteek. BSkyB telebista katearen jabe egin nahi du Murdochek, baina entzuketen kasua dela-eta, zailtasunak izango ditu bere helburua lortzeko. Gaur bertan, Erresuma Batuko Parlamentua Murdochek BSkyB erostearen aurka bozkatzekotan da. Antza denez, ez dute herrialdeko komunikabide guztien monopolioa izan dezan nahi. Zelatatuak izateko beldur, agian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.