Sendero Luminoso Peruko erakunde armatuaren buruetako batek, Artemio goitizena duenak, aitortu egin du gaur nolabait galdu egin dutela 1980an Peruko estatuaren aurka hasitako gerra, eta Perukuo Gobernuarekin bake akordioa negoziatu nahi dutela iragarri du. "Zintzotasunez konponbide politikoa jarri nahi dugu mahai gainean; hau amaitzea nahi dugu, baina soilik negoziazio mahai batean".
IDL-Reporteros webguneak elkarrizketatu du Artemio, eta horrek bere benetako izena eman du: Jose Flores Hala. Elkarrizketan esan du gaur egun helburu politiko berari eusten diotela, baina "praktikan" hori ez dela posible gaineratu du. Sendero Luminosok oihanean armaturik jarraituko du, baina ez dituztela armak gerrarako erabiliko esan du. Preso dauden kideen auzian euren jarrera "bermatzeko" jarraituko dutela armaturik.
Lehenagotik su-etena mahai gainean jarri duela esan du, Eliza katolikoaren eta Gurutze Gorriaren bitartez, baina ez ziotela jaramonik egin azaldu du. Alejandro Toledo presidentearekin harremanak hasi zituela dio elkarrizketan, eta uztailetik Ollanta Humalarekin ari dela, baina azken horrek baldintzarik gabe amore ematea eskatu dio, armak emateko eta zuzenbidearen esku geratzeko. Atzera bota ditu eskakizun horiek.
Borroka armatua amaitu arren, borroka politikoak jarraitu egiten duela esan du, eta Peruko Alderdi Komunistaren bidez horri helduko diotela. Sendero Luminosok, gainera, segurtasun indarren aurka eta hilketa selektiboekin izan duen estrategiaren autokritika egin behar duela gaineratu du: "Ulertzen dut horrek sortzen duen mina, eta autokritikaz gain, barkamena eskatzea ere beharrezkoa da, etsaiak zirela uste baikenuen, baina ez dira".
Sendero Luminosok indarrean dituen bi taldeetako baten buru da Flores. Bestea Victor, Miguel Angel eta Carlos Quispe Palomino anaiek zuzentzen dute.