Serbia EBn sartzeko bidea azkartuko du Bruselak, Tadicek bozak irabazi ostean

Serbiako presidente izaten jarraituko du Tadicek, botoen %50,57 lortuta, baina alde txikiarekin garaitu du Nikolic

2008ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Europako Batasunak arnasa lasai hartu ahal izan du Serbiako bozetako emaitzak jakindakoan. Izan ere, EBren aldeko Boris Tadic presidentearen eta Errusia aliatu historikoaren ildoko Tomislav Nikolicenartean aukeratzean, lehenengoa babestu dute herritarrek. Tadicek presidente izaten jarraituko duenez, gertuago dago Serbia EBko estatu izateko. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentearen aburuz, emaitza garaipena da Serbiako demokraziarentzat eta baita Europako balioentzat ere. Orain, Serbia EBn sartzeko prozesua bizkortu egingo dutela azaldu du Barrosok.

Hauteskundeetako bigarren itzulian urtarrilaren 19an baino parte-hartze handiagoa izan da, eta horrek, itxura guztien arabera, mesede egin die Tadici eta DS Alderdi Demokratikoari. Izan ere, estu eta larri izan bada ere, lehenengo itzulian jasotako porrotari buelta ematea lortu dute. Botoen %98,8 zenbatuta, %50,57ko babesa lortu du Serbiako presidenteak, eta Nikolicek, %47,33koa. «Europari eta mundu guztiari erakutsi diogu Serbian zer-nolako demokrazia dugun», adierazi zuen atzo Tadicek Belgraden, garaipenaren biharamunean. «Ez diogu inori txarrik opa; bakea eta elkarlana nahi dugu eskualdeko herrialde guztiekin, baina Serbia errespetatzea eskatzen dugu».

Nikolicen muturreko alderdiko kideek bozen iruzurra salatuko zutela zabaldu bazen ere, SRS Serbiako Alderdi Erradikaleko buruak Tadicen garaipena aitortu eta hura zoriondu zuen. Hala ere, bozetan berriz lehiatzeko aukera aurki izango dutela aditzera eman du Nikolicek. «Oraingoan beldurrak irabazi du, baina emaitzek baikor izateko modua eman digute».Hainbat adituren arabera, Nikolicek boterea hartzeko beldurrak erabaki ditu hauteskundeak Tadicen programa politikoak baino gehiago. Horiek horrela, bozak irabazteak Serbia EBra zuzentzeko zilegitasuna emango dio Tadici, baina alde txikia lortu du eta Nikolicen muturreko nazionalismoak eta EBren aurkako jarrerak harrera beroa izan dute hautesleengan.

Bestalde, Tadicen jarraipenak estatuari hein batean egonkortasuna emango badio ere, Serbiako Gobernuan kontrakoa gerta liteke. Izan ere, Kosovok independentzia aldarrikatzen duenean zer jokabide hartu behar duten iritzi kontrajarriak daude Gobernuan.Vojislav Kostunica lehen ministroaren DSS Serbiako Alderdi Demokratikoak eta Tadicen DS Alderdi Demokratikoak koalizioan eusten diote Gobernuari. Kostunicaren ustez, Europako Batasunak Kosovoren independentzia onartzen badu, EBn sartzeko asmoa baztertu egin behar du Serbiak. Tadicek, ordea, Europara gerturatzeko borondate irmoa du. Koalizioa hausten bada, balitekeKostunicak Nikolicen alderdiari eskaintzea boterea, eta Serbiako presidenteari lana zailduko lioke. Hala ere, Gobernua hautsiko balitz, litekeena da udaberrian bozak aurreratzea.



EUROPARAKO BIDE LUZEA. Hauteskundeetan eragiteko borondatea ez dute ezkutatu Bruselatik «serbiarren etorkizun europarra babesteko» eta, emaitza ikusita, arrakastatsua izan da ekimena. Behin-behineko elkarlan hitzarmena izenpetzea eskaini zion EBk Serbiari Tadicen garaipena laguntzeko eta ostegunean batzartuko dira bi aldeak akordioa sinatzeko. Merkataritza askeko gunea, bisen liberalizazioa, elkarrizketa politikoa eta irakaskuntzan lankidetza ekarriko lituzke behin-behineko akordioak.

Egonkortze eta Elkartze Akordioa -EBen sartzeko aurreko pausoa- hitzematea zen Bruselaren helburua, baina Herbehereek eta Belgikak betoa ezarri zioten, Serbiak Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian ez laguntzea leporatuta. Besteren artean, Ratko Mladic eta Radovan Karadzic ustezko gerra kriminalak auzitegiaren esku uztea nahi dute.

Europako Batzordeko herrialde gehienen ustez, ordea, Serbiak Nazioarteko Zigor Auzitegian elkarlanean aritzea ez da hitzarmena egiteko baldintza izan behar, berresteko baizik. Bidea arindu nahi dute horrela. EBren hedapenaz arduratzen den Olli Rehn eledunaren ahotan, «baldintzak betetzen direnean» izenpetuko dute akordioa. Baikor hitz egin zuen atzo Rehnek, eta aurten jadanik Serbia EBn sartzeko hautagai izendatzea espero du. Kroaziaren ondotik sartuko litzateke, 2010. urtea ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.