Serbia Europako Batasunean sartzeko eskaera bideratuko du Bruselak

Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean arituko dela hitzeman du Serbiako Gobernuak

Erredakzioa
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Kosovorekin elkarrizketak hastea onartu zuen duela aste batzuk Serbiako Gobernuak, era horretan EB Europako Batasunean sartzeko prozesuari bultzada bat emango ziolakoan, eta bai asmatu ere. EBko atzerri ministroek Batasunean sartzeko Serbiaren eskaera bideratzea erabaki zuten atzo Luxenburgon egindako goi bileran. Horretarako, baina, beharrezkoa izan zen Belgradek Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzea. Izan ere, horixe eskatzen zioten Herbehereek, EBn sartzeko ateak irekitzea onartuko bazuen.

Belgikako Gobernuaren iritziz -Europako Batasuneko txandakako presidentetza du-, Kosovora gerturatzeko egindako ahaleginak ezin zuen saririk gabe geratu. «Serbiak ahalegin handia egin du, eta ez da erraza izan egoera politikoa kontuan hartuta», nabarmendu du Frantziak EBn duen ordezkariak, Pierre Lellouchek.

Belgrad, gustura

Pozik hartu du Belgradek Bruselaren erabakia. «Azkenik, Serbiaren lan guztia saritu dute, baina gure eginbeharra da are gehiago lan egitea arau guztiak bete ahal izateko», adierazi du Parlamentuko presidente Slavica Djukic Dejanovicek. Europak Serbiako Gobernuari jarritako baldintza nagusia da oraindik ihesean dauden bi gerra kriminalak Hagako auzitegiaren esku uztea: Ratko Mladic Serbiako bosniarren buruzagi militar ohia eta Goran Hadzic Kroaziako serbiarren buru ohia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.