Azken unera arte, estu lehiatuko dira Serbiako presidentetzarako bi hautagaiak. Gaur egingo dute hauteskundeen bigarren itzulia, eta Boris Tadic presidente ohia eta DS Alderdi Demokratikoaren hautagaiak du irabazteko aukera gehien. Serbia EB Europako Batasunean sartzeko aukera izan da hauteskunde kanpainako gai nagusia, eta horren inguruan eztabaida egin dute bi hautagaiek. Krisi egoera larrian dago Serbia, eta, egoera ekonomikoa arintzeko, Tadicek EBn sartzearen alde egin du hauteskunde kanpainan. Tadicek estu irabazi zuen duela bi asteko bozen lehen itzulian, eta ia berdinduta gelditu zen Tomislav Nikolic SNS Serbiako Alderdi Aurrerakoiko hautagai nazionalistarekin. Azken unera arte, inkestek garaipena ematen zioten SNSko hautagaiari. Bozen % 25,33 bereganatu zituen Tadicek, eta %25,05, berriz, Nikolicek. Bien arteko ezberdintasun nagusia EBren inguruko jarrera da: Tadic mintzatu da argien EBren alde; Nikolicek aldarrikapen nazionalistak eta EBren aurkakoak egin izan ditu, baina azken asteetan jarrera apaldu du, Europan sartzearen aldeko keinua eginez. Dena den, ez da parte hartze handia espero. Bozen lehen itzulian, herritarren parte hartzea %58,7 izan zen (2008an, berriz, %61,3).
Analista anitzen arabera, EBn sartzeak garrantzia galdu du azken asteetan herritarrentzat, langabeziak (%27,3) eta ondasunen gabeziak krisi gogorrean murgildu baititu herritarrak. Paola Petric Einrich fundazioko politika analistaren arabera, herritarren ustetan alderdi nagusiek ez dute indar eta borondaterik Serbia aurrera ateratzeko: «EBren alde mintzatu arren, alderdi guztiak dira nazionalistak; ez dira aldendu Slobodan Milosevicen politikatik». Petricen esanetan, politikariek ito egin dituztela uste dute herritarrek: «Orain arteko gobernuarekin behera egin dugu, baina oposizioa oraindik ere okerragoa da».
Tadicek dirua aurrezteko eta ekonomia suspertzeko keinuak egin ditu. Bozak aurreratu eta legebiltzarreko hauteskundeekin batera egiteko, dimisioa aurkeztu zuen hilaren hasieran, kanpainan aurrezteko argudioarekin. Bozak egin bitartean, Slavica Djukic-Dejanovic jarduneko presidente izendatu du Tadicek. Horrekin batera, EBren aldeko jarrera indartu du, nazioarteko enpresak erakartzeko asmoz.
Baina presidente ohiaren sostenguak ez du gora egin herritarren artean. Presidentetzarako bozen lehen itzulian garaile izan arren, legebiltzarreko bozetan SNS alderdiak irabazi zuen, eta Tadicen alderdiaren nagusitasuna zalantzan jarri. Sozialistekin koalizioa egitea da DSren aukera bakarra parlamentua bereganatzeko, SNSk ez duelako lortu gehiengo absolutua. SPS Serbiako Alderdi Sozialista —Ivica Dacicek zuzentzen du— izan da parlamenturako eta presidentetzarako bozetan igo den alderdi bakarra, aurrekoan baino bi aldiz boto gehiago jasota.
Hain zuzen ere, SPSk dauka azken hitza erabakitzeko nork aginduko duen parlamentuan. Dacic EBn sartzearen alde mintzatu da, horrek herritarren bizi-maila hobetuko duela adierazita, baina ez du ukatu Nikolicen alderdi nazionalista babesteko aukera: «Politikan, dena da posible». Dena den, analisten arabera, Dacicek Tadicen alde egingo du, hark lehen ministro postua eskainiko diolako. Nikolicek, berriz, ziurtatua du Vojislav Kostunica Serbiako lehen ministro ohiaren DSS Serbiako Alderdi Demokratikoak sostengua emango diola. Kostunicak EBren aurkako jarrera du erabat, eta, horregatik, Tadicen alderdiak aliantza hori kritikatu du.
Boterera iristeko borroka
Tadicen eta Nikolicen arteko borroka gogorra izan da. SNSko hautagaiak inoiz baino gertuago ikusi du garaipena, eta EBn sartzearen aldeko keinuak botoak eman dizkio. Parlamenturako bozak irabazi ondoren, salatu zuen presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian iruzurra izan dela, eta bozei boikota egiteko mehatxua egin zuen, baina baztertu egin du hori: «DSk egindako iruzurrak salatzeko, boikota egiteko asmoa nuen, baina konturatu naiz ez dudala eskubiderik halakorik egiteko, serbiarrek eskatzen dituzten aldaketak nik emango dizkiedalako». Nikolicen iruzur salaketa bertan behera utzi du Hauteskunde Batzordeak.
Salaketei entzungor eginez, Tadicek EBn sartzeko planari eutsi dio. Presidente ohiaren ustez, Europan sartzeko prozesua aurten hasiko da: «Espero dut urtea amaitu baino lehen hastea EBn sartzeko negoziazioak. Serbia Europa izango da bost urtean». Hain zuzen ere, EBn sartzeko hautagai estatusa jaso zuen Serbiak joan den martxoan. Serbiaren historian, lehen aldia da alderdi guztiek Europaren alde mintzatu direna, gehienak gazteen botoak erakartzeko.
Serbia Europari begira jarri da etxeko krisia estaltzeko
Presidentetzarako bozetan, lehia gogorra izango da Boris Tadic eta Tomislav Nikolic hautagaien artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu