Balkanak

Serbiak bertan behera utzi du Kosovorekin izaten ari zen negoziazioa

Bi herrialdeetako ordezkariak gaur ziren biltzekoak, lurralde truke bat egiteko akordio bat negoziatzeko.

Vucic, Serbiako presidentea. ANDREJ CUKIC, EFE
2018ko irailaren 7a
12:24
Entzun

Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak bertan behera utzi du Kosovorekin mugak aldatzea negoziatzeko egiten ari ziren bilerak. Gaur zen horietako beste bat egitekoa. Tanjug Serbiako albiste agentziak jakinarazi du, ordea, Vucic gaur ez dela bilduko Hashim Thaci Kosovoko presidentearekin. "Eta ikusteko dago Pristinarekin elkarrizketek jarraituko duten, eta noiz", esan du Marko Djuricek, Kosovorako Serbiak duen agentziko arduradunak.

Hasieran batean zaila zirudien arren, azken asteetan indarra hartu du bi herrialdeen arteko lurralde truke bat egiteko aukera. Kosovok Mitrovica hiritik iparraldera dagoen lurraldea emago lioke Serbiari, serbiar jatorrikoak baitira han gehiengoa. Trukean Serbiak hego-mendebaldean dagoen lurraldea emango lioke, Presevo ibarra, albaniar jatorrikoak direlako han gehiengoa.

Kosovo

Balizko aukera horrek, ordea, haserrea eragin du bi herrialdeetan, batez ere bi aldeetako nazionalistengan. Ramush Haradinaj Kosovoko lehen ministroak berriki esan du mugak "gerrak marraztu" zituela, eta "soilik gerra bidez" aldatu litezkeela. Oposizioko alderdi nagusiaren ustez —LDK Kosovoko Liga Demokratikoa—, Thacik Presevo haraneko albaniarren "sentimenduak, emozioak eta eskubideak manipulatu ditu".

Eskualde horietatik kanpo bizi diren beste gutxiengoen etorkizunak kezka agertu dutenak ere badira. Halako erabaki batek, ordea, ateak irekiko lizkie Serbiari eta Kosovori Europako Batasunean sartzeko. EBk esana du ez dagoela mugak aldatzearen alde, baina AEBak prest leudeke aukera aztertzeko. Hainbaten ustez, baina, muga aldatze horrek Balkanetako statu quo-a apurtu dezake, beste herrialde batzuetako eskualdeetan gehiengo diren beste talde batzuk gauza bera eskatzen has daitezkeelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.