Vuc Jeremic Serbiako Atzerri ministroak ozen adierazi du: «Serbia EBn sartzea trukerako txanpon gisa erabiltzea guztiz lotsagarria litzateke; Europako agintariak duinak direnez, ez dute hori egingo». Anders Fogh Rasmussen Danimarkako lehen ministroa izan zen agintari argiena proposamena luzatzerakoan: «Balkanetako herriei, baita Serbiari ere, Europan etorkizunik izateko aukera argiak eman behar dizkiegu». Serbia bakarrik ere izan zuen hizpide: «EBko kide bihurtzeko bidean, hala nola hautagaitza ofiziala abian jartzean, urrats azkarragoak egin daitezke». Adierazpen hauen interpretazio bera egin dute adituek eta Serbiak. EBn sartzeko ateak azkarrago irekiko zaizkiola baldin eta independentzia onartzen badu.
EBko estatu eta gobernu buruzagiek, bien bitartean, ez ziren gai izan independentziaren auzian ados jartzeko eta hau sostengatzeko. Kosovora, epe laburrean, zaintza eta laguntza misio bat bidaltzea adostu zuten. Ziprek, baina, hainbat zalantza agertu zituen auzi honetan. Kosovoko Polizia eta Justizia egiturei zein administrazio zibilari laguntzea izango litzateke misioaren xedea. EBko estatu kideetako 1.800 lagunek osatuko lukete misioa eta hedakuntzaren epeaz agertu ditu kezkak Ziprek.
Tassos Papadopulos Zipreko Errepublikako [EBren baitan dagoen alde greziar-zipretar]presidentearen ustez misio honen hedapena ez da bat etortzen NBEko Segurtasun Kontseiluaren 1244. ebazpenarekin: «Misio honen hedapenak oinarri legal sendo bat behar du izan eta erabaki hau hartu badugu ere, otsailean egitekoa den bileran emango da azken hitza».
Ziprek argi azaldu du ez duela onartuko Kosovoko agintariek euren kabuz independentzia aldarrikatzea, bere ustez, EBko estatu kide bakoitzeko gobernuen eskumena delako. EBk Kosovoren auzian ahobateko jarrera izateari uko egin dio herrialde bakarra izan da Zipre. Nikosiako agintea beldur da Kosovoren independentziaren aldarrikapena eredugarri izan daitekeela Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarrak bide berari eutsi diezaion.
SARKOZY: «INDEPENDENTZIA SAIHESTEZINA DA». EBko agintariak, beraz, ez dira erabat ados jarri auzian -otsailean bilduko dira berriz-. Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak independentzia «saihestezina» dela esan zuen. Janez Jansa Esloveniako lehen ministroa -EBko presidentea hartuko du urtarrilean Esloveniak- haratago joan eta «eskubide bat» dela aldarrikatu zuen. David Milliband Erresuma Batuko Atzerri ministroaren ustez erabaki hori herrialde bakoitzari dagokio eta ez Bruselari.
Frantziako Le Monde egunkariak, iturri diplomatikoak aipatuz,independentzia aldarrikatzeko dataz akordio batera iritsi dira albaniarrak Washington eta Bruselarekin. Serbiak bozak egin aitzin independentzia ez aldarrikatzeko promesa egin diete, informazio hauen arabera, AEBei eta EBri. Bozen lehen txanda urtarrilaren 20an izango da eta bigarrena otsailaren 3an.
AEBetako eta EBk espero dutena da Serbiako jarduneko presidente Boris Tadicek bozak irabaztea eta ez Vojislav Kostunica lehen ministroak. Tadicek argi esan du Kosovok europarren babesean independentzia lortzekotan ere, Serbiak EBn sartzeko bidean aitzin-urratsak egin behar dituela.
«Serbia EBn sartzea trukerako txanpon gisa erabiltzea lotsagarria litzateke»
Vuc Jeremic
Serbiako atzerri ministroa
«Serbia EBko kide izateko eta hautagaitza ofiziala lortzeko bidean, urrats azkarragoak egin daitezke»
Anders fog h rasmussen
danimarkako lehen ministroa