Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte gaur Serbian, eta Europako Batasunera gerturatzearen alde eta aurka dauden indar politikoen arteko aldea oso txikia zen azken egunotako boto asmoetan. EBrekin bat egitearen auziaz gain, alderdi demokratak edo muturrekoak gailentzeak garrantzi handia izango du oso Kosovoko gatazkari doakionez.
Azken egunotako ikerketen arabera, Serbiako presidente Boris Tadicen DS Alderdi Demokrata eta Vojislav Seseljen SRS Serbiako Alderdi Erradikala (oposizioko indar nagusia) parekaturik daude-batak zein besteak bozen %28 eta %30 bitartean jasoko dituztela zioten inkestek-. Vosjislav Kostunica lehen ministroaren DSS Serbiako Alderdi Demokratikoari, berriz, hirugarren lekua ematen diote inkestek. DSS da orain diputatu gehien duen indar politikoa.
Europan eta nazioartean oro har arreta handiz jarraituko dituzte gaurko bozak. Legebiltzarreko 250 diputatu aukeratuko dituzte boto emateko eskubidea duten 6,6 milioi hautesleek. Orotara, hogei bat alderdi edo koalizio politikoetako 3.799 hautagaien artean aukeratu beharko dute.
GERRA KRIMINALAK ETA KOSOVO. Inkestei sinetsi behar bazaie, alderdi edo koalizio politiko bakar batek ere ez du lortuko gehiengo osoa. Hortaz, aliantzak egin beharko dira. Olli Rehn Europako Batasuneko Hedapenerako komisarioak adierazi zuen erreformen aldeko gobernua eratzea espero duela, «EBra gerturatzeko bidean urrats azkarrak egin ditzan». Tadicen DS Alderdi Demokrataren eta Kostunicaren DSS Serbiako Alderdi Demokratikoaren arteko koalizioa izango litzateke, ildo horretan, nazioartearen aldarrikapenetara egokituko litzatekeena. Alabaina, bi indar horien arteko harremanak zailago bihur litezke DSk aurrea hartuko balio DSSri. Tadic presidentearen alderdiak, kasu horretan, gobernuburu karguaz jabetzeko eskubidea luke eta, bidenabar, Kostunica jarduera horretatik baztertzeko.
Gaurko bozen ostean eratuko den gobernuak konpondu beharko dituen bi arazo nagusiak gerra kriminalen auzia eta Kosovoko gatazka dira. Radovan Karadzic eta Ratko Mladic Bosniako gerrako sarraskien erantzuleak aske daude, Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Auzitegiak atxilotzeko agindua emana badu ere. Bruselak EBn sartzeko negoziazioak eten zituen horregatik iazko maiatzean.
Kosovori dagokionez, berriz, Serbiako indar politiko nagusiek autonomia zabal batbaino gehiago ez diote onartu nahi albaniarrak gehiengoan diren probintziari. Kosovoren etorkizuna zehazteke dago oraindik.
Serbiako bozetan parekaturik daude indar demokratak eta muturrekoak
Belgradeko Legebiltzarrean, gobernatzeko gehiengo bat osatzearren, aliantzak egin beharra aurreikusten da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu