Serbiako Legebiltzarrak Kosovoko agintariei egotzi die mugan gertatutakoa

Egoera batzuk «onartezinak» direla uste du, eta serbiarren «interesak zaintzeko» eskatu dio gobernuari

2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Kosovoren eta Serbiaren arteanegunotan gertatu diren istilu larriek sortutako egoeraz eztabaidatzeko, saio berezia egin zuten atzo Serbiako Parlamentuan. Ezohiko bileran, legebiltzarkideek testu batean argi utzi dute Pristinako agintariei egozten dietela joan den asteazkenetik mugan jazotako istilu larrien erantzukizuna, bertako egoera «indarraren erabilerarekin aldatzea saiatzeagatik». Era berean, Belgradeko gobernuari «Serbiako Errepublikaren interesak zaintzeko» eskatu diote diputatuek. Espero dute «Belgraderen eta Pristinaren arteko elkarrizketek irtenbidea aurkitzea», baina «egoera batzuk onartezinak dira, eta mugako egoerak aldatu beharko du».

Ildo beretsutik mintzatu da ordu batzuk lehenago Boris Tadic Serbiako presidentea ere. Gatazka giro hori hizpide zuela Pristinarekin joan den martxoan abiatutako elkarrizketei eustekoprest dela esan du, baina Kosovoko Poliziaren saialdiaren aurreko egoerara bueltatu eta gero bakarrik. «Egoera berrian gaude, eta berbideratzeko elkarrizketa beste aukerarik ez dago, indarkeria eta gerra ez badira; Pristina indarkeriaz aritu da, Belgrade, aldiz, ez». Tadicen arabera, herritarrak «nazkatuta daude etengabeko probokazioekin».

Bi aldeak, tinko

2008ko otsailean independentzia aldarrikatu zuen Kosovok, eta orain egoera sumindu da berriro, Pristinako gobernuak Brnjakeko eta Jarinjeko muga postuen kontrola hartzea agindu dielarik Poliziaren unitate bereziei. Erabaki horren helburua zen mugalde horretan Serbiatik datozen produktuen sarrera debekatzea, Belgradek Kosovori 2008az geroztik jarria dion enbargoari erantzuteko. Alabaina, serbiarrak gehiengoan diren Kosovo iparraldeko eskualde horretan, mugazainak serbiarrak dira.

Kosovoko Poliziaren unitate berezien indarrez sartzeak serbiarren haserre bizia piztu du. Serbiar talde batzuek Nazio Batuen Erakundearen Jarinjeko muga postua erre egin dute, eta Kosovon zabaldua duen KFOR bake indarreko militarrei ere gogor eraso diete. Istilu horietan, Kosovoko polizia batek bizia galdu du ere. KFORek Brnjakeko etaJarinjeko mugaldearen kontrola hartu zuen ostegunean, baina, biharamunean, ehunka manifestari serbiarrek Rudareko eskualdean zabaltzea galarazi diete.

Atzo, aurreko hiru egunei alderatuz gero, egoera lasaiagoa zen, baina tentsioak nabari ziren.KFORek hartu badu ere Brnjakeko eta Jarinjeko muga postuen kontrola, manifestari serbiarrek horietara daramaten bideak trabatu dituzte, nazioarteko indarmilitarrei hornikuntza eta elikadura etortzea galarazita. Ostiralean, indarrez aurrera egitea bertan behera uztea erabaki bazuen ere, KFOReko buruzagi militar Erhard Bulher jeneralak ohartarazi du hurrengo saioan ez duela atzera egingo.

Tadic elkarrizketaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.