Serbiako sozialistek nazionalistekin osatuko dute gobernua

Boris Tadic presidente ohi 'europazalearen' alderdiarekin zuten koalizioa ez berritzea erabaki dute sozialistek

Erredakzioa
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
SPS Serbiako Alderdi Sozialistaren erabakiak gobernua aldatzea ekarriko du Serbian. Boris Tadic presidente ohiaren DS Alderdi Demokratikoarekin zuten koalizioa ez berritzea erabaki du SPSk, eta SNS Serbiako Alderdi Aurrerakoia nazionalistarekin osatuko du gobernua — SNSk irabazi zituen presidentetzarako bozak, joan den hilean—. Tomislav Nikolic presidenteak Ivica Dacic SPSko burua hautatu du lehen ministro —Tadicekin Barne ministro izandakoa—, eta gobernua osatzeko mandatua eman dio. DSk ez du ongi hartu izendapena, eta Tadic presidente ohiak erran du Nikolicek ez ziokeela Dacici eman behar kargua. «DSk ez die amore eman SPSren eskakizunei, ez gaituelako konbentzitzen alderdi hori gai denik estatua eta gobernua zuzentzeko».

Lau urtez DSrekin osatu du koalizioa SPSk. Dacicek berak aitortu du presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian Tadicen aldeko botoa eman zuela, baina orain SNSrekin gobernua eratu duela «hautesleek hala erabaki dutelako». Kanpainan agertu zuen Dacicek lehen ministro izateko asmoa. Horregatik, Tadicek egotzi dio izendapena lortzen ez zuelako gibelatu dela hainbertze egunez gobernuaren osaketa. «Orain, argi dago zein zen arazoa». DSren eta SPSren erronka nagusietako bat izan da Serbia Europako Batasuneko kide bihurtzea, eta helburu hori ez dela aldatuko dirudi, Nikolic presidenteak, hasieran aurka zegoen arren, xedea bere egin duelako.

SPS, hirugarren indarra

SPS Slobodan Milosevic Jugoslaviako presidente zenak sortu zuen 1990ean. Parlamenturako hauteskundeetan bi alderdi txikiagorekin koalizioan aurkeztu, eta hirugarren indarra izan zen, 44 jarlekurekin —presidentetzarako bozekin batera egin ziren—. Hala ere, irabazleak, SNSk—73 diputatu ditu—, gobernua osatzeko erantzukizuna eman dio. SNSz eta SPSz gain, URS Serbiako Eskualde Batuak deszentralizazioaren aldeko alderdia ere negoziazioetara deitu dute. Gaur hasiko dituzte elkarrizketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.