Serbian muturrekoek irabazi arren, erreformistena izango da Gobernua

Boris Tadic presidentearen Alderdi Demokratikoak diputatu kopurua bikoiztu egin du ia oraingo bozetan

arantxa elizegi egilegor
2007ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Serbiako Legebiltzarrerako emaitzek argi utzi dute Kosovoren independentzia ez dutela begi onez ikusiko herritarrek. Ondorio hori atera daiteke SRS Serbiako Alderdi Erradikalaren garaipenetik. Botoen %28,3 -81 diputatu- lortu dituzte eskuin muturrekoek. Baina haien aurkarien pozerako, oposizioan jarraituko dute.

«Espero bezala irabazi dugu. Aurkari gisa presidentearen eta lehen ministroaren alderdiak izan ditugun arren, eta gure kontrako kanpaina zitala egin badute ere, gure indarra erakutsi dugu», nabarmendu zuen atzo SRSren lehen ministrorako hautagai Tomislav Nikolicek. Haren iritziz, Boris Tadic presidenteak ez die eskuin muturrekoei Gobernua utziko. Baina Nikolicek zail ikusten du DS Alderdi Demokratikoak eta DSS Serbiako Alderdi Demokratikoak koalizioa osatzea. Horiek hala, urtea amaitu baino lehen bozak berriz egin beharko dituztela uste du SRSko buruak.

Eskuin muturrekoek koalizioa osatu beharko lukete boterea eskuratzekotan, baina beste alderdiek ez dute horiekin bat egiteko inolako asmorik. Horiek hala, erreformisten arteko koalizioa izango da ziurrenik Gobernua eskuratuko duena. Hala ere, negoziazioak luze joko dute, inor ez dagoelako prest lehen ministro kargua beste alderdi baten esku uzteko. Egungo lehen ministro eta DSSko buru Vojislav Kostunicak karguan jarraitu nahi du. Baina Boris Tadic presidentearen DSk ere beretzat nahi du postua. Azken hori izan da bozetako benetako garailea. Legebiltzarrean 37 diputatu izatetik 65 izatera igaro da, behin-behineko datuen arabera.



BRUSELA, ITXAROPENTSU. Erreformak egiteko gai den Gobernua behar du Serbiak, Europako Batasunean sartuko bada. Bruselarekiko negoziazioak duela hilabete batzuk hasi zituzten, baina etenda daude Belgrad ez delako gai izan Nazioarteko Zigor Auzitegiak eskatutako gerrako kriminalak harrapatu eta entregatzeko. EBko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Javier Solana bera ere Gobernua erreformisten esku uztearen alde agertu da. «Exekutiboa Europaren eta demokraziaren aldekoek osatuko duten itxaropena dut».

Tadicek atzo zituen hastekoak koalizioa osatzeko negoziazioak. Otsailaren 25erako lanean behar du Legebiltzarrak, eta hortik aurrera hiru hilabeteko epea dute Gobernua osatzeko. Presidenteak lanak lehenago amaitu nahiko lituzkeen arren, ez dirudi erraza izango denik. «Serbia Europako Batasunean egotea nahi duten Europaren eta demokraziaren aldeko alderdiek balio eta helburu horiek gurekin banatu nahi badituzte, negoziatzen has daitezela».

Adituen arabera, gutxiengo etnikoek sortutako alderdiek erreformaren aldeko Gobernua sostengatuko dute. Horiekin exekutibo berriak 138 diputatu edukiko lituzke Legebiltzarrean, gehiengoa, alegia. «Guk baino boto gehiago eskuratu dituztenei laguntzen saiatuko gara, hitzarmena lor dezaten. Horretarako, iraganeko eztabaidak atzean utzi behar dituzte», adierazi du G17 Plus alderdiko buru Mladjan Dinkicek.

Ustekabeak ere izan dira hauteskunde hauetan. Alderdi Liberal Demokratikoak --sortu berria--15 diputatu izango ditu Legebiltzarrean, betiere behin-behineko datuen arabera. Liberalen buru Cedomir Jovanovic izan zen 2001ean Slobodan Milosevic buruzagia izandakoaren kapitulazioa eta atxilotzea negoziatu zuena.

Serbia eta Montenegro banatu direnetik egin diren lehen bozak izan dira hauek. Une erabakigarria bizi dute, gainera, serbiarrek, EBn sartzeko negoziazioengatik batetik, eta Kosovoren estatusari buruzko eztabaidarengatik bestetik. Hala ere, Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko arduradun Goran Lennmarkerrek nabarmendu duenez, hauteskunde prozesua justua eta askea izan da. «Herritarren aukera izan da beren hautua egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.