Serbiari ateak ireki dizkio Bruselak, gerra kriminalak atxilotzeko baldintzarekin

Parlamenturako bozak irabaziz gero akordioa indargabetuko dutela iragarri dute nazionalistek

2008ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Europako Batasunak eta Serbiak Lankidetza eta Egonkortasunerako Akordioa sinatu zuten atzo Bruselan. Herrialde bat EBn sartzekolehenengo urratsa den itun hori gauzatzen hasteko, baina, baldintzak jarri dizkiote Belgradi. Hala, Serbiako Gobernuak ahaleginak oro beharko ditu egin serbiar gerra kriminalak Nazioarteko Zigor Auzitegiaren esku jartzeko.

«Europako Batasuneko Kontseiluak aho batez onartu du Lankidetza eta Egonkortasun Akordioa sinatzea Serbiako Gobernuarekin, eta Boris Tadic presidenteari etortzeko gonbita helarazi diot», adierazi zuen atzo Esloveniako Atzerri ministro Dimitrij Rupelek. Esloveniak du,ekaina amaitu arte, EBko txandakako presidentetza. Rupelen esanetan, akordioa sinatzea aukera handia da Serbiarentzat.

Serbiak, haatik, ez ditu berehala gozatu ahal izango EBrekin egindako akordioari lotutako abantailak. Hobari horien artean bada EBko merkatura hurbiltzeko ahala, eta hainbat diru laguntza jasotzeko aukera. Onura horiek gozatzen hasteko, Belgradek argi erakutsi behar du Nazioarteko ZigorAuzitegiaren esku utziko dituela aske dauden serbiar gerra kriminalak. Hala, Serbiako Gobernuak ahaleginak oro egin beharko ditu Bosniako serbiarren buruzagi politiko eta militar goren Radovan Karadzic eta Ratko Mladic atxilotu eta Hagari entregatzeko.

Luxenburgon bildutako EBko Atzerri ministroen bilerara gonbidatutako Serbiako diplomaziaburu Vuk Jeremic poztu da 27ek hartutako erabakiagatik. «Azken urteotan egin dugun bezala, Zigor Auzitegiarekin elkarlanean tinko jarraituko dugu». Alabaina, Karadzic eta Mladic atxilotzeari dagokionez, Belgraden asmoez zalantzak dituzte EBko zenbait herrialdek; Belgikak eta Herbehereek, esaterako. Hortaz, Serbiarekin lankidetza eta egonkortasun ituna sinatzea begi onez ikusten ez dutenak konbentzitzeko ahaleginetan aritu da EBko presidentetza.

EBko kide diren 27 herrialdeen onespena lortu ondoren, Serbiako agintari gorenak Luxenburgon izan ziren atzo. Boris Tadic presidentea eta Bozidar Dejelic lehen ministrordea joan ziren, baina ez Vojislav Kostunica jarduneko gobernuburua. Kostunicak dimisioa aurkeztu zuen martxoan, Tadic eta haren jarraitzaileen «europazaletasunarekin» bat ez datorrelako. Kosovok independentzia aldarrikatzeak eta horri EBko hainbat herrialdek babesa eman izanak areagotu egin du Serbiako krisia.



MAIATZAREN 11KO BOZEN ZAIN. Krisiaren ondorioz, Serbiako Legebiltzarrerako bozak maiatzaren 11ra aurreratu dituzte. Azken inkestek nabarmendu dute emaitzak oso estuak izango direla, «europazaleen» eta EBrekiko mesfidati direnen artean. Hala, Kostunicaren inguruko indar nazionalistek botoen %36 jasoko lituzkete, eta Tadicen aldekoek, %35. Bestetik, Belgradek iragarri du Kosovon ere egingo dituela hauteskundeak, argi uzteko ez duela haren independentzia onartzen. Pristinak, ordea, legez kanpokotzat jo zuen atzo erabakia.

Iazko urtarrilean, Serbiako Legebiltzarrerako 250 diputatuak aukeratzeko egindako bozetan, nazionalistek 144 eserleku lortu zituzten; eta EBren aldekoek, berriz, 103. Aurtengo otsailean egindako presidentetzarako bozetan, berriz, Europaren aldeko jarrera duen Tadicek botoen %50,31 bereganatu zituen, eta Tomislav Nikolic nazionalistak bozen %47,07 lortu zituen.

Akordioak EBren aldekoei mesede egingo diela espero du Bruselak. Jeremic Atzerri ministroak ukatu du, haatik, akordioa oraintxe sinatzeak helburu hori duenik. «Ez da egia edukirik gabeko ituna dela», adierazi du Serbiako diplomaziaburuak, eta azaldu: «Aurrerapauso politiko garrantzitsua da, eta bozak Serbia EBko partaide bilakatzeari buruzko erreferenduma izango direla esan daiteke».

Serbiako indar nazionalistek ohartarazi dute, baina, maiatzeko bozetan garaipena lortzen badute ez dutela hura beteko. «Pentsatzen dut hurrengo gobernuak izenpetze hau desegin egingo duela», eman du aditzera Alekzander Popovicek, DSS Serbiako Alderdi Demokratikoko burukide eta Kostunicaren gobernuan Energia ministro izandakoak. Kostunicak, berriz, argi utzi du akordioa izenpetzeak ez duela Serbia ezertara behartzen. Jarduneko lehen ministroak esan duenez, itun hau sinatzea Serbiaren aurkako egitatea da: «Konstituzioaren aurkako erabakia». Badira bestelakorik pentsatzen dutenak ere. Izan ere, ehunka lagun atera ziren atzo arratsaldean kalera, akordioa sinatu zutela ospatzera.



«Akordio hori sinatzea Serbiaren aurkako egitateaeta Konstituzioaren kontra doan erabakia da»

vojislav kostunica
serbiako jarduneko lehen ministroa




«EBrekiko akordioa ez da edukirik gabekoa; aitzitik ere, aurrerapauso politikogarrantzitsua da»

Vuk jeremic
Serbiako atzerri ministroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.