Hego Koreako Auzitegi Gorenak ebatzi du gobernuak kalte-ordaina eman behar diela Ipar Korearekin izandako gerran hildako ekintzaileen familiei. 1950ean, Hego Koreako segurtasun indarrek 400 ekintzaile baino gehiago atxilotu eta hil zituzten, «Ipar Korearen aldeko komunistak» izatea leporatuta.
Auzitegiak ebatzi duenaren arabera, Hego Koreako Gobernuak 28.000 euro inguru eman beharko dizkie hildako ekintzaileen 429 familiei. Duela hiru urte, hildako herritarren familiakoek auzitara jo zuten beren senideak «epaiketa justurik gabe» hil zituztela argudiatuta. Hego Koreako Gobernuak adierazi zuen bera ez zela hilketa horien legezko erantzulea eta hildakoen familiek preskripzio epea gainditu zutela. Baina Auzitegi Gorenak kontrakoa ebatzi du, eta eskubideak gaizki erabiltzea eta fede txarrez jokatzea leporatu dio Hego Koreako Gobernuari.
Oraindik ere gatazkan
1950etik 1953ra bitartean, ezkerreko ekintzaileen aurka jo zuen Seulek komunismoaren aurkako kanpainaren barruan, eta 1953an sinatu zuen armistizioa Ipar Korearekin, baina bi eremuen arteko gatazka urteetan luzatu da teknikoki. 1990. urtean bildu ziren bi eremuetako buruak gatazka konpontzen ahalegintzeko, eta Seulek batasun nazionala proposatu bazuen ere, Piongiangek estatu konfederatu baten alde egin zuen. 1997an Txinarekin eta AEBekin ekin zieten bi aldeek negoziazioei, baina prozesuak ez zuen arrakastarik izan. Hiru urte geroago, adiskidetzeko ituna sinatu zuten. Baina 2002tik etenik gabe egin diote eraso elkarri.
Seulek kaltea ordainduko du 60 urte ondoren
«Ipar Korearen aldeko komunistak» izatea egotzita hildakoen sendiei ordainduko die Hego Koreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu