Azken egunotan bi Koreen arteko tentsioak berriz ere goiti egin du, bien arteko itsas mugan Seulek ariketa militarrekin jarraituko duela jakinarazi eta gero. Piongiangek ohartarazi zuen erantzun eginen zuela, baina atzo ez zen horrelakorik gertatu. Hego Koreako armadak ordu eta erdiz artilleria probak egin zituen Yeonpyeong uhartean. Ipar Koreak, ordea, «probokazio militar arduragabe» horri ez diola erantzunik emanen jakinarazi du. Ipar Koreak joan den azaroaren 23an egin zion eraso Yeonpyeong irlari, Hego Koreako armadaren ariketa batzuen ondotik, hain zuzen ere. Lau lagun hil ziren.
Atzo, kanoien tiroak hego-mendebaldera zuzendu zituela dio Hego Koreako armadak, hau da, Ipar Koreako uretara ez doan norabidera. Hala ere, Piongiangek ez du onartzen 1953an ezarritako itsas muga, alde bakarreko erabakitzat jotzen baitu. Horregatik, joan den hileko gertakariak errepikatzeko arrisku berezia zegoen atzo. Hego Koreako armadaren bozeramaile Lee Bung-wooren arabera, Ipar Koreako indarrak ariketei «adi» eta erantzuteko «prest» zeuden, baina ez zuten «probokaziorik» egin.
Nazioartean, Txinak ariketa militarrak kritikatu ditu. Pekinen ustez, inork ez du bi herrialdeen arteko gatazka «eragin edo probokatzeko eskubiderik». Errusiaren iritziz, berriz, egoera «bero» dago, eta Piongiangi eta Seuli eskatu die tentsioa igoaraz dezakeen ekintzarik ez egiteko. Hain zuzen ere, bi herrialde horiek, Txinak eta Errusiak, ez zuten Ipar Korea gaitzetsi NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren igandeko bileran. AEB Ameriketako Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Frantziak jarrera hori har zezaten exijitu zieten, Koreako auziaren inguruan akordioren bat erdiesteko.
Piongiangera bisita AEBetatik
Auzi nuklearrari dagokionez, Piongiangek IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako begiraleak herrialdera bueltatzea onartu du. Hori jakinarazi du Bill Richardsonek, AEBetako New Mexiko estatuko gobernadoreak. Ipar Koreara bisita «ez-ofiziala» egin du Richardsonek, baina goi-funtzionarioekin batzartu da bertan. Gobernadoreak dioenez, Piongiang prest legoke Seulekin eta AEBekin batera batzorde militar bat osatzeko eta bi Koreen arteko komunikazio zuzena ahalbidetuko duen telefono gorri bat ezartzeko.
Seulen «probokazio militarrei» ez diela erantzungo jakinarazi du Piongiangek
Hego Koreako armadak artilleria probak egin ditu Yeonpyeongen; Ipar Koreak azaroan eraso egin zion irlari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu