Kivu aintziraren bazterrera gerturatzea debekatua zion aitak. Shabanik 15 urte baino ez zituen jakin-minaren poderioz aitaren hitzak ahaztu zituenean. Aintziraren ertzean ehunka hilotz ikusi zituen. Ruandako genozidioaren biktimak ziren. Istant batean haren bizitza aldatu zen, betiko aldatu ere. Bukavun bizi zen, eta bi urte geroago, gerra piztean, utzi behar izan zuen etxea, jaioterria, Kongoko Errepublika Demokratikoa. Bost urte geroago jakin zuen aita hobi komun batean lurperatu zutela. Errefuxiatu gune batean bizi izan da urtetan. Kongoko 1.868.000 iheslarietako bat da Shabani.
Moek bost urterekin alde egin zuen Myanmartik. Karen etniakoa da, eta egurrezko etxola txiki batean bizi da, lokatzezko bidezidorren artean, Thailandian. «Armadak gure herrixkak erretzen zituen, soldaduek emakumeak bortxatzen zituzten eta haur koskorrei lan egitera behartzen gintuzten». Mae Sot hiritik gertu dauden zortzi errefuxiatu guneetako batean bizi da. Hamabost urte daramatza han. Karen etniako lau mila lagunek egin dute ihes astebetean Myanmartik. Thailandian errefuxiatuta bizi diren 100.000 karenetako bat da Moe.
Azarak amesgaiztoak ditu oraino. Soldaduak haren etxera joan zireneko gaua ez baitu sekula ahaztuko. Etxetik aterarazi zuten, eta haren aita eraman. Ondoren su eman zioten etxeari. «Kontzentrazio esparru batera eraman zuten aita, eta gauero akordatzen naiz harekin». Bosniako gerraren garaian bizi izandakoak ez ditu ahaztu oraino, eta amesgaiztoak izanagatik, ez zaio amets egitea ahaztu. «Hori da munduan gehien gustatzen zaidana: amets egitea». Bosnia eta Herzegovinako gerrak eragin zituen 1,8 milioi errefuxiatuetako bat da Azara. Milioi bat jaioterrira itzuli ziren. Azara ez. Suedian bizi da egun.
Errefuxiatuen Mundu Egunaren karietara -atzo izan zen eguna-aste honetan zenbaki mordoa eman dituzte argitara nazioarteko erakundeek. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez, 42,7 milioi iheslari zeuden iaz munduan: 26 milioi desplazatu eta 15,2 errefuxiatu -eta asilo eskaera egin duten beste 827.000 lagun-. Iheslari bakoitzaren atzean historia bat dagoela, samin historia bat dagoela, gogorarazi du UNHCRk. Iheslariak ez direla zenbaki hutsak; ez direla estatistika huts bat. Hori ez ahanztea gogoratzearekin batera, baina, zenbakiak baino ez ditu eman argitara eta nekez aurkitu daiteke errefuxiaturen baten izena, adina, aurpegia, historia... Shabaniz, Moez eta Azaraz hamarna lerro idazteko adina informazioa baino ez.
II. Mundu Gerraren ostean onartu zen errefuxiatuen estatusa zehaztu eta horiek babesteko konpromisoa jasotzen duen Genevako Konbentzioa. 1951. urtetik 147 herrialdek egin dute bat itunarekin, baina konpromiso hori paperezkoa baino ez dela gero eta ageriagoa da. Amnesty Internationalek salatu du estatuek errefuxiatuekiko duten jarrera; babesa ukatuz, mugak itxiz, baztertuz, eskubideak urratuz... Estatuentzat estatistika baino ez baitira Shabani, Moe eta Azara.
Shabani, Moe, Azara...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu