Sharifi urtarrileko bozetan parte hartzea galarazi diote Pakistanen

ERREDAKZIOA
2007ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Pakistango Hauteskunde Batzordeak ez du onartu Nawaz Sharif lehen ministro ohi (1990-1993 eta 1997-1999) eta PML-N Pakistango Liga Musulmana-Nawaz oposizioko alderdiko buruzagiaren hautagaitza. Raja Kamaruz Zaman batzordeko arduradunak azaldu duenez, 2000. urtean Pakistango Justiziak zenbait delitu egotzi zizkiola eta, ezin izan dute legezkotzat jo Sharifek aurkeztutako hautagaitza. Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakia hel egin ahalko du lehen ministro ohiak.

Herenegun, Sharifen anaiaren, Shehbazen hautagaitza bota zuten atzera. Bai batean, bai bestean, delituak egozten zaizkiela eta, datorren urtarrilaren 8an egingo dituzten Parlamenturako hauteskundeetan parte hartzea galarazi diete. Sharifek batzordeak hartutako erabakia salatu du: «Hauteskunde Batzordeak argi utzi ditu Pervez Musharrafen Gobernuaren benetako asmoak zeintzuk diren, hauteskundeetatik kanpo utzi nahi izan dute Sharif familia».

Lehen ministro zela armadaburua --egun herrialdeko presidente den Musharraf zen armadako buruzagia-- bahitu izana leporatzen dio Sharifi Pakistango justiziak. Musharrafek bahiketa saihestueta estatu kolpea eman zuen, ordea. Zigortu eta handik urte batera, aske geratzea lortu zuen lehen ministro ohiak, erbestera joateko baldintzapean. Sharif iragan azaroaren 25ean itzuli zen Pakistanera erbestealdiari amaiera emanez.

BOIKOTA ARRISKUAN. Benazir Bhutto Pakistango lehenministro ohia (1988-1990 eta 1993-1996) eta PPP Pakistango Herriaren Alderdia oposizioko buruzagiarekin elkartu zen atzo Sharif. Bhuttori hauteskundeak boikotatzeko eskatu zion. PPPko buruzagiak hauteskundeetan ez parte hartu, eta, beraz, boikotatzeko aukera guztiz ixten ez badu ere, badirudi azkenean bozetara aurkeztuko dela. Bhuttok orain gutxi boikotak Musharrafi baino ez liokeela mesederik egingo azaldu zuen.

Bhuttok bezala, hauteskundeei boikota egiteko helburuz osatutako koalizioak gero eta indar gutxiago du. Hain zuzen, hasieran boikotaren alde agertutako asko bozetan parte hartzeko aukera aztertzen hasiak dira.

Bestalde, eskola koraniko baten aurkako atentatua egin zuten Belutxistanen atzo. Erasoaren ondorioz, sei lagun hil eta bederatzi zauritu ziren, horietatik hiru larri. Lekukoen hitzetan, hainbat ikasle eskola barruan zeudela egin zuen eztanda lehergailuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.