ATENTATUAK EGIPTON

Sharm-el-Sheikheko leherketetan 88 lagun hil eta 200 zauritu dira

Erasoak hotel eta aparkaleku batean eta merkatu zaharrean gertatu dira; Al Kaedak bere gain hartu ditu

Erredakzioa
2005eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Sharm-el-Sheikh Egiptoko Sinai penintsulan kokatua den oporlekuan atzo goizean goiz gertatu ziren atentatuetan, 88 lagun hil dira eta beste 200 zauritu, gutxienez. Hotel batean, aparkaleku batean eta merkatu zaharrean jazo ziren leherketak hartu ditu bere gain Al Kaeda ekintzaile islamista sareari lotutako talde batek. «Terroristek ez dute lortuko Egipto garapenaren bidetik ateratzea», adierazi zuen Sharm-el-Sheikhera atentatuen lekuak ikuskatzera joan zen Hosni Mubarak presidenteak.

Leherketak goizeko 01:00ak inguruan (00:00ak Euskal Herrian) gertatu ziren, Sharm-el-Sheikheko kaleak eta aisialdi lekuak jendez gainezka zeudelarik. Zart-egite hauetatik indartsuenak Sharm-el-Sheikh hiri erdialdetik sei kilometrora kokatua den Naama Bay oporlekuko Gazala Garden hotela izan zuen jomuga. Ekintzaile suizida batek gidatzen zuen bonba-auto bat indarrez sartu zen hoteleko atarian eta han bertan eztanda egin zuen. Zartatzearen ufakoak denak xehatu egin zituen eta burdina, zura eta bestelako apurkinak hainbat ehun metrotan sakabanatu zituen.Minutu gutxi gerorago, beste leherketa bat jazo zen hoteletik hurbil kokatutako aparkaleku batean. Han ere, antza denez, bonba-auto batek zuen zart egin. Zartatze honek hildakoak eta zaurituak eragin zituen aparkalekuaren inguruan kokatutako denda eta jatetxeetan. Hirugarren leherketa, berriz, Sharm-el-Sheikheko merkatu zaharrean izan zen. Antza denez, ekintzaile batek maleta batean edo zaku batean eramana zeukan bonba bat zartarazi zuen. Leku hau ere herritarrez eta oporretan joandako atzerritarrez lepo zegoen eta zartatzeak hildako eta zauritu ugari eragin zituen. Jendeen artean, izualdi handia sortu zen eztanda egitearen ondorioz.

Zauritutako asko larri daude

Leherketetan bizia galdu duten asko egiptoarrak zirela nabarmendu bazuten lekuko agintariek, atzerritar biktima batzuen berri eman zuten. Hala, bi britainiar, bi italiar, ukrainar bat, errusiar bat, herbeheretar bat, txekiar bat eta arabiar israeldar bat hil zirela zehaztu zuten, atentatuak gertatu eta ordu gutxira. Zauritutakoetan, berriz, alemaniarrak, britainiarrak eta Espainiako pasaportedunak bazirela aipatu zuten, ospitaleetatik jasotako datuetan oinarrituta. Dena den, erasoetan hildakoen kopurua handiagoa bihurzitekeela ohartarazi zuten agintariek, zauritutako ugari oso larri zeudelakotz.

Atentatuen berri hartzean, Hosni Mubarak Egiptoko presidendeak eten egin zituen oporrak eta Sharm-el-Sheikhera joan zen, Habib el Adli Barne ministroarekin eta Mohamed Auad Tagedin Osasun ministroarekin batera. Mubarakek ikuskatu zituen leherketak gertatu ziren lekuak eta hitz gogorrak izan zituen eraso egileen kontura. «Ekintza anker eta kriminal hauek Egiptoren segurtasuna eta egonkortasuna kolokan ezartzeko helburua dute», adierazi zuen. «Alabaina, terrorismoari aurre egiteko eta honen deuseztatzeko geure deliberamendua indartu besterik ez dute egingo; terroristek ez dute lortuko Egipto garapenaren bidetik ateratzea, gure herritarren ongizatearen eta gure eskualdearen egonkortasunaren onurarako».

Erasoak bere gain hartu zituzten Abdula Azam Brigadek hauxe azaldu zuten Interneten bidez zabaldutako agiri batean: «Egiptoko agintari torturatzaileekegurra emateari ez diogu beldur eta zin egiten dugu tirano hauek hil dituzten Sinaiko martirien mendekatzearren aurrera jardungo dugula». Hitz hauekin, antza, 2004ko urriaren 7an, Sinaiko Taba eta Ras Shjitan oporlekuetan gertatu ziren eta 34 hildako eragin zituzten atentatuen ustezko egileen aurkako jazarpena aipatzen zuen Abdula Azam Brigadak taldeak. Al Kaeda ekintzaile islamista sareari lotuta litzatekeen talde honek azaldu zuen baita ere atzoko erasoak egin zirela «nazioarteko gaizkile indarrek musulmanen aurka egindako krimenei erantzuteko; gaizkiaren indar hauek Irakeko, Afganistango edo Txetxeniako musulmanen odola erruz isurtzen dutelarik».

Atentatuen ostean, Egiptoko agintariek alerta egoera jarri zuten Kairoko aireportuan. Segurtasun neurri oso zorrotzak indarrean ezarri zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.