Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek eta Alderdi Laboristako buru Amir Peretzek datorren urteko azarorako aurreikusita zeuden hauteskundeak aurreratzea hitzartu zuten atzo. Tel Aviven egindako bileraren ostean, bozak datorren urteko «otsailaren amaiera eta matxoaren amaiera bitartean» egingo direla esan zuen Peretzek: «Gobernuko buruari utziko diot data zehatza aukeratzen».
Alderdi Laboristako presidentetza joan den astean egindako barne bozetan eskuratu zuen Peretzek. Shimon Peres ordura arte laboristen burua izandakoa garaitu zuen. Peretzek, alderdiko buruzagitza eskuratu bezain azkar, lehen ministroak zuzentzen duen koalizio gobernua uzteko mehatxua egin zuen. Alderdi Laborista joan den urtarrilaz geroztik dago koalizio gobernuan. Lehen ministroak, bileraren aurretik adierazi zuenez, hasiera batean ez zuen uste hauteskunde eguna aldatu beharra zegoenik. Baina laboristen buruzagi berriaren mehatxua entzun ostean iritzia aldatu zuen Sharonek. «Akordio politikoak albo batera geratu direla ikusirik, herrialdearentzat onena lehenbailehen hauteskundeak aurreratzea izango litzatekeela iruditzen zait». Peretzek, bilera hasi aurretik, eskuetan zituen bere alderdiko ministroak dimisioa aurkezteko prest zeudela egiaztatzen zuten gutunak. Laboristen asmoa, beraz, argia zen. Hori dela eta, egokiena iruditu ez arren, lehen ministroak ezin zion uko egin bozak aurreratzeko eskariari: «Herrialdeko egoera konplexua ikusita, ez dut inolako asmorik hilabete luzez gutxiengoa duen gobernu bat gidatzeko asmorik».Sharonek otsailaren 28an egin nahi ditu bozak, haren gertuko iturrien ustez. Legebiltzarra desegin beharra dago, baina, bozetarako deialdia egiteko. Likud alderdiak ere barne bozak egingo ditu urtarrilean. Benjamin Netanyahu Finantza ministro izandakoak eta Uzi Landau diputatuak eskuineko alderdiko presidentetza kendu nahi diote urte hasieran Ariel Sharoni. Gazatik kolonoak kanporatzeko erabakia hartzeagatik «ezkerrera jotzea» leporatzen diote bi hautagaiek lehen ministroari. Alderdikideen artean egindako azken galdeketen arabera, alta, Sharonek du nagusitasuna.
Israelek ustezko bi ekintzaile hil ditu
Israelgo Armadak, bestetik, 22 eta 17 urteko ustezko bi ekintzaile palestinar hil zituen atzo Jeninen (Zisjordania). Al Aksako Martirien Brigadetako ustezko kideak ziren bi gazteak. Armadako eledun batek ziurtatu zuenez, muga zaintzen duten soldaduak «autoan zihoazen bi gazte atxilotzen saiatu ziren». Bozeramailearen hitzetan, autoak kontrola pasatu zuenean egin zuten tiro soldaduek eta ibilgailua errepidetik irten zen hormaren kontra jo aurretik: «Ez dago argi tiroek eraginda edo kolpearengatik hil ziren». Lekukoen arabera, berriz, lau gizon ibilgailu batetik irten ziren armak eskuan zituztela eta hil arte egin zieten tiro gazteei.
PAN Palestinako Aginte Nazionalak gogor gaitzetsi zuen ekintza: «Su-etena, bakea eta segurtasuna hiltzen dituzte», salatu zuen PANeko segurtasun kontseilari Jibril Rayubek.
EKIALDE HURBILA
Sharonek eta Peretzek bozak aurreratzea hitzartu dute
Laboristek gobernu koalizioa uzteko egin zuten mehatxuari erantzunez, bozak aurreratzea onartu du lehen ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu