Kocharyanek Ankara egiten du bi herrien arteko harremanak oraindik etenda izatearen erantzule. Atzerri ministrordearen iritziz, genozidioa ukatzeaz gain, armeniarren gaineko agintea balu bezala jokatzen du Erdoganen gobernuak.
Zertan oinarritzen zarete armeniarren aurkako sarraskiak genozidioa izan zirela aldarrikatzeko?
Raphael Lemkinek erabili zuen lehen aldiz genozidio hitza, Nazioen Ligako Lege Batzordeak 1933an Madrilen egin zuen nazioarteko legediari buruzko konferentzian. Lemkinek armeniarrek Otomandar Inperioaren pean izandako sarraskietan oinarritu zuen kontzeptua. Turkiako egungo banaketa kontuan hartzen badugu, ondoriozta genezake Otomandar gobernuak arrakasta izan zuela armeniarren aurkako sarraskiekin. Gazte Turkiarren gobernuak 1911n prestatu zuen armeniarren genozidioa, alderdiak egindako kongresuan. Plan hori abian jartzera bultzatu zuen turkiar gobernua Otomandar Inperioak 1912 eta 1913ko Balkanetako Gerretan izandako porrotak.
Zergatik ukatzen du Turkiak genozidioa egon zela?
Ezin dut esan zer pentsatzen duten beraiek —Turkiako Gobernuari egin beharko zenioke galdera hori—. Hala ere, bai esan dezaket armeniar genozidioa aitortzeak on egingo liokeela Turkiari berari ere. Turkiako Gobernuak hartu beharreko erantzukizun morala da.
Zergatik da horren garrantzitsua haren aitortza?
Armeniarren aurkakoa izan zen XX. mendeko lehen genozidioa. Onartu eta gaitzetsi izan balute, agian Holokaustoa ez zen inoiz gertatuko. Denek ezagutzen dute Adolf Hitlerrek 1939an Polonia suntsitu eta ordena berri bat eraikitzeko emandako aitzakia: "Nor gogoratzen da orain armeniarren aurkako sarraskiez?". Nazio oso baten krimenak ukatuz aurrekari arriskutsua ezartzen da, zenbait boterek pentsa dezakete milioi eta erdi pertsona hil ditzaketela eta zigorrik gabe atera daitezkeela.
Esku hartu beharko luke nazioarteak auzi honetan?
Nazioarteak behin baino gehiagotan adierazi du zein den bere jarrera eztabaida honetan. Herrialde ugarik eta nazioarteko erakundeek onartu dute armeniarren genozidioa. Beraz, hurrengo urratsa Turkiari presio egitea litzateke genozidioa aitor dezan, hura baita Otomandar Inperioaren ondorengoa.
Turkiak dio, ordea, historialariek erabaki behar duteela genozidioa egon zen edo ez, eta ez politikariek.
Historialari turkiarrek eurek ere esaten dute genozidioaren inguruko erabakiak politikariek hartu behar dituztela, eta hala da. 1915ean Otomandar Inperioak bultzatutako ekintzei dagokienez historialariek aspaldi esan zuten genozidioa izan zela. Turkiar aditu batzuek ere onartu dute orduko agintarien helburua armeniar herria suntsitzea izan zela.
Aldiz, Turkiako buruzagiek diote garaiko gobernuaren asmo bakarra haiek kanporatzea izan zela, inolako helburu kriminalik gabe. Lehen ministroaren arabera, dirua ere eman zitzaien euren etxeak utz zitzaten.
1919 eta 1921. urteen artean Istanbulen egindako epaiketetan otomandar agintariek «tehcir ve taktil » esamoldea erabili zuten, deportazioak eta masa hilketak, alegia. Epaiketa horretan auzipetuetako asko hainbat urtetako kartzelara zigortu zituzten Otomandar Inperioak iraun zuen artean armeniarren aurka egindako krimenengatik. Aholkatuko nioke Erdogani artxiboetako dokumentuak arreta handiagorekin irakurtzeko. Hasan Amcak, Deir-ez-Zorrera deportatutako armeniarrez arduratzen zen buruzagi turkiarrak, hala adierazi zuen Alemdar egunkari turkiarrean argitaratutako Oso ondo, orduan nork hil zituen ehunka mila armeniarrak? artikuluan: "Armeniarrei hiru eguneko janaria erosteko adina diru eman zitzaien. Ondoren, armeniarrak bizi ziren lekuetan sarraski izugarriak egin ziren". Hori kontuan hartuta, Erdoganek, zeinak behin eta berriz esan izan duen Turkiako artxibategiak denentzat zabalik direla, hobeto begiratu beharko lituzke garaiko dokumentuak.
Zer-nolako harremanak dituzue Ankararekin?
2008an, Armeniako Errepublikako presidenteak adiskidetze prozesu bat hasi zuen. [Serzh] Sargsyanek Turkiako presidente Abdula Gul gonbidatu zuen Erevanen egitekoa zen Munduko Futobol Txapelketara. Horren ostean, negoziazioak hasi zituzten, eta prozesuak aurrera egin zuen hainbat hilabetez. Horietan, Armenia eta Turkia bat etorri ziren aurrebaldintzarik gabeko harremana eraikitzeko asmoan. Jakingo duzunez, elkarrizketa horien ostean bi protokolo sinatu zituzten 20009ko urriaren 10ean, Zurichen. Hala ere, behin hitzarmenak sinaturik Turkiak jarrera aldatu zuen bat-batean, eta uko egin zion denbora tarte "ulergarri" baten ostean eta aurrebaldintzarik gabe alde biko harremana hasteari, eta berriro ere baldintzak jartzen hasi zen, prozesua oztopatuz. Eskatu ziguten, besteak beste, Azerbaijanekin bake hitzarmena sinatzeko Nagorno-Karabah eskualdeko gatazka amaitzeko. Baina Turkia ez da nor gure erabakietan esku hartzeko.
Protokolo horien kontura, Turkiak leporatu dizue alde biko batzorde historikoa osatu nahi ez izatea.
Armeniako Errepublikaren eta Turkiaren arteko Harremanak Garatzeko Protokoloaren arabera, gertakari historikoak aztertuko dituen azpibatzorde bat osatu behar dugu, bi aldeetako adituen parte hartzearekin. Horren helburua ez da, Turkiak salatzen duen moduan, genozidioari buruzko ikerketa bat egitea. Dena den, Turkiak berak egin zion uko protokolo horiek berresteari bestelako baldintzak jarriaz. Beste urratsik egingo badugu, lehenik eta behin aurretik sinatuta dauden protokoloak berretsi behar dira, eta ondoren hasiko gara prozedurari buruz eztabaidatzen.