Mundua

Shimon Peres: "Bakea lortzeko Palestina estatu bilakatzea beste aukerarik ez dago"

Israelgo presidenteak dio palestinarrak eta israeldarrak bakean bizi ahal izateko Palestina estatu izatea ezinbestekoa dela. 90 urterekin, bi estatuak elkarbizitzen ikusiko dituen itxaropena dauka.

2013ko ekainaren 18a
18:45
Entzun

Peresek dio egungo gobernuarekin bakea lortzeko urratsak egitea posible dela: “Bakea lortzeko Palestinari estatu izaera aitortzea beste aukerarik ez dago. Bakean bizi eta aurrera jarraitu ahal izateko aukera bakarra da”.

Israelgo Gobernuan koalizioak agintzen du, eta askotariko iritziak dauzkate prozesua aurrera eramateko orduan. Iritzi ezberdinekoa da, esate baterako, Naftali Bennett Ekonomia ministroa. Atzo adierazi baitzuen Palestinako estatuari “zentzurik” ez diola ikusten eta bake akordioa eteteko momentua dela.

Gertatutakoak atzean utzi eta etorkizunera begira jartzeko garaia dela ziurtatu du Israelgo presidenteak: “Iragana ezin da aldatu, alda dezakeguna etorkizuna da”. Etorkizun horretan zer egin behar den pentsatzea omen da gatazka konpontzeko gakoa; “palestinar eta israeldarrek” daukate hitza.

"Atzeratu daiteke, baina bakea ezin dugu saihestu"

Aldaketa garaia da mundu arabiarrean, eta Peresek dio bakearen aldeko joerak gora egin duela: “Bakea atzeratu dezakezu, baina ezin dugu saihestu. Jendeak ez du arriskuan bizi nahi. Bakea behar du”.

Bakearen eta etorkizunaren eraikuntzan, baina, desadostasunak sor daitezke, eta desadostasun horiek bake prozesua oztopa dezakete. Jerusalemen estatusa erabakitzea da gai korapilatsuenetako bat. Horregatik, negoziazioetan bukaerarako uztea erabaki dutela jakinarazi du Peresek: “Jerusalemen gaia atzeratzearekin bat gatoz bi aldeak, negoziazioak hasieratik zapuztu ditzake eta”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.