Protestak herrialde arabiarretan. Libia

Sidi Bilal, jazarrien azken portua

Matxinoen atxiloketen eta tratu txarren beldur, Tripoli mendebaldeko itsas portu batean babestu dira Saharaz hegoaldeko mila herritar inguru. Gosea bezain handia da tentsioa han.

Saharaz hegoaldeko herritarrak abandonatutako itsasontzien babesean bizi dira Sidi Bilal portuan. KARLOS ZURUTUZA.
Tripoli
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Nola aurkitu dezaket nire osaba Tripolin? Umezurtza naiz, eta senide bakarra daukat. Lagunduko didazu?». Hogei urteko Alibe Nalliren bizitza ez da erraza izan. Nigeria jaioterria atzean utzi, eta Tripolin hiru urte eman zituen, auto garbitzaile. Urte haiek, hain justu, ditu gogokoenak. Gaur, Tripoli kanpoaldeko errefuxiatu gune batean dago. Abandonatutako arrantza ontzi batean eman ditu azken hiru asteak. «Tripoli mendean hartu zutenean, iraultzaileek nire dirua, pasaportea eta sakelako telefonoa lapurtu zidaten. Hauxe da daukadan guztia», kexu da nigeriar gaztea. Dioenez, bere sandalia ezberdinek —zuria eskuinekoa eta urdina bestea— lotsarazten dute.

Egun, mila lagun baino gehiago bizi dira Tripoli mendebaldeko Sidi Bilalgo itsas portuan, Saharaz hegoaldekoak denak. Mugarik Gabeko Sendagileak erakundeak duela astebete ura ekarri zuen arte, itsasokoa besterik ez zuten errefuxiatuok. Egia da badaudela hainbat denda handik gertu, baina gutxi ausartzen dira abandonatutako portutik ateratzen. «Duela astebete matxinoek harrapatu eta auto batean sartu ninduten», dio Eddi Ohasujik. «Hamar egunez izan ninduten preso: mertzenario deitzen zidaten etengabe; goizero jipoitu eta lan egitera behartzen ninduten gero, kaleko zaborra eta gerra hondakinak jasotzen», gaineratu du 27 urteko nigeriarrak.

Esklabobeltzek berreraikiko dute gerra osteko Libia? Tamalez, ohikoak dira behartutako lanaren inguruko testigantzak Sidi Bilalen. Jendea armen mehatxupean eramaten dute matxinoek edo, besterik gabe, inoiz kobratuko ez duten diru sari baten promesaz. Gehienak bizpahiru egunen buruan bueltan dira; beste batzuk, ordea, iristeko daude oraindik: «Monday nire anaia duela 11 egun harrapatu zuten, baina oraindik ez dugu bere berri izan», dio Osama Abijanek, egurrezko itsasontzi baten itzaletik. 23 urteko ghanatarra bere anaia torturatu dutelakoan dago; agian, hilda dagoelakoan.

Emakumeen kontrako erasoak ere salatu izan dituzte hangoek. Alexandrak bere senarraren eta anaiaren artean egiten du lo, manta baten azpian gordeta. «Beldur handia dut. Gauetan, emakumeak bahitu eta eraman egiten dituzte gunetik kanpo», dio 30 urteko nigeriarrak, bere alaba zenaren panpina oraindik alboan duela. Orain dela zortzi egun zendu zen, han, hiru urteko Katrina. «Itsasoko ura irakin behar izan genuen bi astez. Hemengo bizi baldintzek akabatu zuten nire neskatoa».

Itxaropena, urri

Egunak amaigabeak dira Sidi Bilalen. Eguneroko meza zerbitzua —igerileku olinpiar baten eremu hutsean— ez da gai etengabe pizten diren liskarrak baretzeko. Bat-batean, berebiziko borroka sortu da kamioi batetik eroritako tomate gutxi batzuengatik. Gosea bezain handia da tentsioa Sidi Bilalen.

Trantsiziorako Kontseilu Nazionalaren bisitak, ordea, hautsi du kanpamenduko monotonia. Hori gutxi ez, eta itxaropentsu daude hainbat errefuxiatu. «Zuek babesteko lanean ari gara dagoeneko», dio Egonkortasunerako Komiteko arduradun Ibrahim Alik. «Zerrenda bat osatu behar duzue zuen izen-abizenarekin eta pasaporte zenbakiarekin. Ahalik eta azkarren saiatuko gara zuek hemendik ateratzen», azaldu die Alik bere inguruan bildutakoei.

Europako Batzordeko kide bi ere Libiako agintariarekin batera bertaratu dira. «Gobernu berria gogor ari da lanean jende honi irtenbide bat emateko, baina ezin dugu ahaztu gerra ez dela oraindik bukatu. Ez da erraza hau kudeatzea», dio EBko inspektore Carlos Alfonsok. Edonola ere,BERRIAk egunotan jasotako Saharaz hegoaldekoen testigantzek ustekabean harrapatu dute Tripolira iritsi berri den Alfonso. Zorionez, beste erakunde batzuk «etxeko lanak eginda» dituzte jada.

Iragan igandean argitaratu txostenean, Human Rights Watch erakundeak «beltzen atxiloketa arbitrarioak eta tratu txarrak etetea» eskatu zion Libiako de facto-ko Gobernuari. «Arriskutsua da beltza izatea egun Tripolin», zioen Sarah Leah Whitsonek, Ekialde Hurbileko eta Ipar Afrikako HRWeko zuzendariak. Ildo berean, Amnesty Internationalek Saharaz hegoaldekoen kontrako gehiegikeria ugariren zerrendak plazaratu ditu azken bi asteotan.

Ali jauna «irtenbideei» buruz hitz egiten ari zela, berebiziko iskanbila entzun da eremuko sarreratik. Han, bi gizon armadun euren autoan gazte bat eraman nahian ari dira. Kazetariok aurrean ikustean, berehala gorde dituzte euren fusilak autoan. «Ikusten al duzu? Hau egunero gertatzen da. Zuengatik ez balitz mutiko hori eramango zuketen», dio nigeriar gazte batek, etsita. Jarraian, Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko ordezkaria agertu da. Bi gizonekin lasai eta motz hitz egin ostean, ospa egin dute, ardurarik gabe. Libiako Gobernu berriko ofizialak dio ez duela neurririk hartuko ustekabeko bisitarien kontra. «Gaizki ulertu bat besterik ez da izan», esan dioBERRIAri ofizialak, kanpamendutik atera aurretik.

«Lehen ere arrazistak ziren libiarrak, baina Gaddafiren beldur zeuden denak, ez zen gehiegikeriarik. Egungo aginterik eza dela eta, ordea, zakurrak bagina bezala tratatzen gaituzte», kexu da Ghanako Ahmed Ducruer, itsasontzi erraldoi baten hondakinen erdian. «Zer egin behar dute nazioarteko erakundeek gurekin? Ba al dakizu zein den plana?».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.