Silvio Belusconiren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute oposizioko alderdiek

Fini aliatu ohiaren eta lehen ministroaren arteko desadostasunek agintaldiaren amaiera eragin dezakete Italian

Kristina Berasain Tristan.
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Silvio Berlusconiren exekutiboa azkenetan dagoela pentsa liteke iragan uztailean piztutako krisiak egunotan hartu duen norabidea ikusita. PDL Askatasunaren Herria alderdiaren barneko hausturak eragin zuen krisi politikoak okerrera egin baitu nabarmen aste honetan; Gianfranco Fini aliatu ohiak dimisioa emateko eskatu zion asteburuan lehen ministroari, eta orain oposizioko alderdi nagusiek haren kontrako zentsura mozioa aurkeztu dute. PD Alderdi Demokratikoa eta IDV Baloreen Italia alderdiek babestu dute mozioa. Finiren FLI Etorkizuna eta Askatasunaren eskuetan egongo da, hala ere, giltza, eta mozioaren aurrean zein jarrera hartuko duen agertu ez badu ere, heldu den astelehenean beranduenez exekutiboan gelditzen diren alderdikideek dimisioa emango dutelaaurreratu du Finik -ministro bat eta hiru ministrorde-.

Hamabost urtez aliatu itsuak izan diren politikarien arteko azken desadostasunek, beraz, agintaldia aurki amaitzea eragin dezakete. Errepublikako historiako inoizko sostengu zabalena eskuratu zuen Berlusconik duela bi urte eta erdi egin ziren hauteskundeetan. Finik, baina, uztailean utzi zion haren aliatu izateari, eta irailean lehen ministroaren kontra aurkeztutako mozioa babestu ez bazuen ere, ez dirudi oraingoan sostengu horri eutsiko dionik; aste honetan bertan, izan ere, oposizioak exekutiboaren proposamenen kontra aurkeztutako mozioak babestu baititu FLIk.

Bere gobernua kolokan dagoen arren, ez duela dimisiorik emango berretsi du beste behin lehen ministroak, eta zentsura mozioaren aurka ere erantzun irmoa eman du. Senatuan, gutxigatik bada ere, oraindik gehiengoari eusten diola aintzat hartuta, gobernuaren aldeko konfiantza mozioa aurkeztu du Askatasunaren Herriak. Diputatuen Ganberan, berriz, gutxiengoan da alderdia, eta, hartara, ganbera horretan egingo den bozketak baldintzatuko du exekutiboaren etorkizuna.

Aurrekontuak ere kolokan

Giorgio Napolitano presidenteak, egoeraren larritasunari erreparatuta eta egonkortasuna bermatze aldera, aurrekontuak onartu artean mozioen bozketarik ez egiteko baldintza ezarri du, tartean nazioarteko merkatuetan espekulazioa eragin lezakeelako krisiak. Gobernuaren aurrekontua hamar edo hamabi eguneko epean onartu beharko litzateke, eta horiexek izan daitezke lehen ministroaren taldeari gelditzen zaizkion egunak. Fabrizio Cicchitto PDLko kideak aurreratu du mozioaren bozketa egin aurretik «diputatuek eta senatariek duten joera ezagutzeko azterketa» egingo dutela eta baiezkoa nagusitzekotan bozak aurreratuko dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.